Guardia Zibilak hamar lagun atxilotu ditu Hernaniko Herrira mugimenduaren egoitzan

Kronika - Erredakzioa 2013ko ira. 30a, 02:00

Operazioa salatzeko, Hernanin elkarretaratzea deituta dago gaur arratsaldeko 20:00etan Plazan.

Eloy Velasco epaileak agindutako polizia operazioa da eta hego Euskal Herriko beste lau egoitzetan ere sartu dira. Goizeko 09:45etan sartu da Guardia Zibila Hernaniko egoitzan eta momentu horretan barruan zeuden 12 lagun identifikatu ditu. Horietako bi aske utzi ditu eta beste hamar atxilotu ditu, testiguek Kronikari jakinarazi diotenez.

Goizeko 10:00ak ezkeroztik herritar asko bildu da Plaza Berri inguruan, eta ertzaintza ere bertan da, Guardia Zibila eta jendearen artean.

Espainiako Barne Ministerioaren arabera 18 atxiloketa izan dira eta "Amnistiaren Aldeko Batzordeen oinordeko" izateagatik egin dute Herrira mugimenduaren kontra.

Hernaniko egoitzan atxilotutakoak hauek lirateke: Ibon Meñika, Manu Ugartemendia, Jesus Mari Aldunberri, Nagore Garcia, Jon Garai, Sergio Labaien, Eneko Iglesias, Jose Antonio Fernandez, Oskar Sanchez eta Roberto Noval.

Eta gainerako zortzi atxilotuak hauek: Ekain Zubizarreta, Amaia Esnal, Eneko Ibarguren, Ane Zelaia, Imanol Karrera, Gorka González, Beñat Zarrabeitia eta Francisco Javier Balda.

Mobilizazioak gaur

Operazioa salatzeko, Hernanin elkarretaratzea deituta dago gaur arratsaldeko 20:00etan Plazan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!