Bränskint - Goizalde Landabaso / Txalaparta

Kronika - Erredakzioa 2013ko ira. 29a, 02:00

Liburu mardulak, 500 orrialdeko nobelak modan dauden garaian, Bränskint liburua nire eskuartean erori zen. Irakurri nuenean, istorio bat lau lerrotan ondo kontatzerik badagoela egiaztatu nuen. Ipuin oso laburrak, mikroipuinak dira liburua osatzen dutenak, denak Aritz Eigurenen ilustrazioekin lagunduta. Bränskinten, asmatutako hirian, gertatzen dira Goizalde Landabasok kontatzen dituen istorioak. Bertan, errealitatean bizitzen ditugun egoera gordinak edota une hunkigarriak topatzen ditugu poesiaz beteriko lerroetan. Ipuinen artean nire begikoa, Haizea mendien satorra da titulu duena da. Narrazioa baino, olerkia dirudi eta, nire ustez, itxaropenerako zirrikitua uzten du. Dena kontrolpean izan nahi duen gizartean oraindik, «Mugarrietan barna, bada kontrolagaitza denik», azken lerroak dioen bezala. Ilustrazioak ere badu bere lekua liburuan. Estilo ezberdinak, kolore gutxi, eta batzuk narrazioak bezain poetikoak Hartu liburua, edozein ipuin aukeratu eta irakurri, ez zaitu indiferente utziko. Zalantzarik gabe, oparituko nukeen liburua da.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!