Udalak bidegorria egingo du Lizeagatik Institutura bidean. Joan den astean hasi ziren lanak eta bi hilabeteko epean bukatuta egotea aurreikusten da. Udalak, kotxe gutxiago erabiltzea eta bizikletaren erabilera bultzatu nahi ditu, mugikortasun iraunkorrarekin bat eginez. Eta zentzu horretan, Institutura joaten diren gazteentzat egokia dela uste du: «Bidegorri sarearen zati bat izango da, baina zati garrantzitsua, Institutuan 900 bat ikasle daudela kontuan hartuta».
Zenbait zatitan, kotxeekin konpartitua
Bidegorria Elkano eta Izpizua kaleek bat egiten duten lekutik hasiko da eta Tellerigaingo autobus geltokiraino iritsiko da. Ezker aldetik joango da. Zenbait tokitan, institutu aldera joateko norantzan, kotxeekin konpartituko da bidea, hau da, koexistentziako guneak izango dira. Udaletxe parean eta Lizeaga kaleko hasierako zatian izango da hori. Gainontzean, igotzeko eta jaisteko bi norabide izango ditu bidegorriak.
45 bat aparkaleku, kendu
Bidegorriaren eraginez, bidearen ezker aldeko 45 bat aparkaleku kendu egingo dira: Tiloseta parean daudenak, Paradoreraino daudenak eta Paradore bukaeratik aurrerakoak. Izan ere, Paradorean, orain bidetxurra dagoen lekutik joango da bidegorria eta bertako aparkalekuak ez dira kenduko. Horrez gain, Lizeaga kale hasieran eskubitara dauden aparkalekuak bateria motakoak izatetik, lineakoak izatera pasako dira.
Bestalde, Lizeaga auzoa berritzeko proiektu bat bada, 2011n onartua, eta obra honek ez du harekin zerikusirik.
Etorkizuneko bi
parkin posible
Lizeagako zenbait auzotar kexu dira aparkaleku faltagatik eta etorkizuneko bi parkin posible badira: Arantzazu plaza, parkea kendu eta parkina jarrita; eta Paradoreko gunea, kotxeentzako egokituta.