Denetik izango du aurten ere Alboka Topaketak: kontzertuak, kalejirak, azoka... eta liburu aurkezpena ere bai. Hogei urte bete ditu albokaren festarik haundienetakoak, eta Euskal Herriko lurralde guztietatik etorriko dira albokari eta zaleak. Bi egunetan jarri dituzte ekitaldiak. Ostegunean hasiko dira Hernaniko albokarien kontzertuarekin, eta larunbatean izango da albokarien topaketa, bazkaria eta emanaldia.
Kontzertua ostegunean, Musika Eskolako taldeak
Kontzertuarekin hasiko dira aurtengo topaketak, eta etxekoek emango dute gainera, ostegunean. Musika Eskolako Alboka taldeak ibilbide luzea du, eta Gipuzkoako garrantzia haundia izan du, inguruetako alboka eskolarik haundiena izan baita. Alboka bultzatzen ere sekulako lana egin du Hernaniko taldeak, besteak beste, Alboka Topaketak antolatzen 20 urte daramazki.
Ostegunean 12 kanta joko dituzte, eta taldeko ikasle eta ikasle ohiek emango dute kontzertua.
Liburua, bazkaria, Albokaldia eta azoka
Larunbatean bete betea dute eguna. Juan Mari Beltranek liburu berria aurkeztuko du: Alboka, inguru folklorikotik eskoletara. Horrez gain, bazkaria egingo dute Euskal Herriko lurraldeetatik etortzen diren albokariek, Santa Barbaran (parte hartzailea ez denarentzat, txartelak 20 euroan).
Azkenik, Albokaldian ikusi ahal izango dira euskal albokariak akzioan. Tilosetan izango da, 18:00etan.
Tilosetan baita ere, eta arratsaldez, alboka egileek azoka jarriko dute.