Berezia da Hernaniko saskibaloi taldea, eta aspaldiko egoera onenean dago. «Seniorren taldea badaukagu, ez zaiolako aterik itxi nahi inori. Baina berez formaziorako talde bat da Hernani». Hala diote Aitor Urretabizkaia, Oier Garrido eta Enaitz Senperenak, klubean ardurak hartuak dituzten hiru gazteok. Helburuak oso garbi dituzte: seniorretan Gipuzkoako 1go mailari eustea; juniorretan Euskal Ligan jokatzea; eta haurretan saskibaloi eskola sortzea, ostiraletan.
Juniorrak,
Euskal Ligari begira
Aurten juniorretan bi talde izango ditu Hernanik, eta horietako bat Euskal Ligan sartzeko esperantza dute. Hain zuen, bi talde horietako batek kadete garaian Euskal Ligan jokatu zuen. Horretarako, Gipuzkoako ligan hasi, eta denboraldi erdian aurrena edo bigarrena joan behar dute. Hala bada, zuzenean igoko dira Euskal ligara eta han bukatuko dute denboraldia.
Nesken bi talde,
eta hirugarrena nahi
Zortzi talde ditu Hernanik, eta horietako bi neskenak, infantil eta kadete mailan. Helburua da, kategoria bakoitzean talde bat sortzea.
Horrez gain, mutilen beste sei talde ere badituzte, eta gero eta jende gehiago ari omen da saskibaloian. Urretabizkaia, kadeteen entrenatzaileak eta Senperena klubeko koordinatzaileetako batek garbi dute, hori guztia lortzen ari direla oinarrizko taldeetan lanean ari direlako. «82 jokalari ari dira Hernaniko klubean, 13 entrenatzaile, 3 koordinatzaile, eta 8-10 zuzendaritza kide. Orain saskibaloi eskola indartu nahi dugu. Ostiralero, 17:00etatik 18:00etara kiroldegian (3-4-5-6 mailetan ari direnentzat)».
Rikardo Garre entrenatzailea berriz Hernanin
Seniorretan talde berri xamarra dute, eta lehenengo partidua galdu arren, mailari eustea dute helburua. Horretarako laguntzaile onena izango dute aurten, Rikardo Garre bueltatu baita taldera. Garrek talde haundiak entrenatu ditu, Askatuak, Easo edo Donostia, esaterako, eta Hernani ere bai, 2011-12 denboraldian.
Hernaniarrek 3 urte daramazkite Gipuzkoako 1go mailan. Garrido da taldeko beteranoetako bat eta ondo ezagutzen ditu aurkariak. «Maila aldetik orekatua izango da, baina faboritoak aipatu beharko banitu: Alde Zaharra, Bosteko-Irauli edo Tolosako Take Orbela».
Gaur, partidua etxean
Joan den astean erraz xamar galdu ostean, gaur Bosteko-Irauli dute aurrean, 16:45etatik aurrera, kiroldegian.