«Barricadak 2 abeslari garrantzitsu izan ditu beti eta ‘Drogas’ joatea ez da hain dramatikoa izan»

Kronika - Erredakzioa 2013ko ira. 28a, 02:00

Barricada talde histo­rikoak joko du gaur Hernanin, Rock Fest jaialdiaren barruan (sarrera, doan). Ibon Sagarna ‘Ibi’ herna­-niarra da taldeko bateria eta berarekin hitz egin du Kronikak. Beste hiru taldek ere joko dute: Aski da (Orereta), The Zepo (Hernani) eta Gaur ez (Iruñea). Atseginde­gin izango dira 19:00etatik aurrera.

Orain dela urte batzuk ere jo ze­nuen Hernanin Barricada tal­dea­rekin. Gaur berriz joko duzu etxe­an. Bateria diferente astintzen al da?
Orain dela 8 bat urte jo genuen aurreneko aldiz; Sagarrondo­tik jaialdian izan zen. Orduan berezia izan zen eta gaur ere hala izango da. Etxean jotzeak beti egiten du ilusio berezia; familia, la­gunak... Zure jen­dea­rekin jotzea pozgarria da. Eta neretzat bakarrik ez, baita taldekideentzat ere. Iruñean ere berdina pasatzen da.

Nolako kontzertua prestatu du­zue? ‘Flechas cardinales’ azken dis­koko abestiak izango al dira nagusi?
Denetik joko dugu. Bospasei kanta azken diskokoak izan­go dira, baina gainontzean de­netik joko dugu; garai bateko abestiak ere bai, noski. Bi orduko kontzertua izango da.

Rock Fest izeneko jaialdiaren barruan joko duzue. Aurreneko aldia da jaialdi hau egiten dela, nolatan animatu zarete?
Orain dela 3 hilabete inguru, Ansoainen jo genuen, Arri­ku­rock festibalean eta bertan Jon Cisnerosek komentatu zigun Hernanin antzeko zerbait egin nahi zuela eta ea animatuko ginen. Hernanin jotzea berezia da eta tarteka egiten ditugu halako kontzertuak. Gure artean hitz egin eta adostasun batera iritsi ginen.

Aski da, The Zepo eta Gaur ez taldeekin joko duzue. Nolako rock gaua izango da?
The Zepo entzun izan dut, Portuko festetan, San Joane­tan... baina ez dut askorik jarraitzen. Eta gainerako tal­de­ak ere ez. Hala ere, kontzertu polita izango dela iruditzen zait eta girorik ez dela faltako. Gainera, ga­rrantzitsua da halako festibaletan bertako taldeek ere parte hartzea, kanpokoak ekarri beharrean. Hori oso ona da herriarentzat eta baita talde horientzat ere.

Barricada sortu zela 31 urte badira dagoeneko. Normala den bezala, aldaketak izan ditu taldeak. Eta esangu­ratsuena Enrique Villarreal ‘Drogasen’ agurra izan da. Nolako eragina izan du taldean? Betiko Barricada entzungo al dugu?
Barricadak 2 abeslari garran­tzitsu izan ditu beti eta Dro­gas joatea ez da hain dra­matikoa izan, nolabait esateko. Boni izan da beste ahotsa eta abesti eza­gun asko berak abestu izan ditu; No hay tregua, adibidez. Orain Bonik abes­ten ditu Dro­gasen kantak eta gehienek esan digute ez dela hainbeste naba­ri­tzen eta gustatzen zaiela. Eran­­tzun ona izaten ari gara behintzat.

Zuk ere 11 urte daramazkizu Barricadan. Hasierako gogo eta ilusioarekin jarraitzen al duzu?
Hilabete honetan bete ditut 11 urte eta orain, hasieran baino beldur gutxiago daukat eszenatokian (barrez), baina orduan bezalako ilusioarekin jarraitzen dut. Kontzertu baten aurretik oraindik badut urduritasuna eta eszenato­kiak duen magia sentitzen dut. Eta hori egongo ez balitz, zerbait gaizki doan seinale.

Beste talderen batean ere ari omen zara...
Orain dela 20 urte Estigia taldean aritu nintzen eta berriz hasi naiz bertan jotzen. Agian diskoa aterako dugu datorren urtean, baina hori ikusteko dago. Trash Metal estiloa jotzen dugu, kañeroagoa da. Beti gustatu izan zait talde desberdinetan saltseatzea. Be­re garaian ezkontzetan ere jotzen nuen. Gauza desber­di­nak egitea gustatzen zait; egun batean rocka jotzen aritu eta beste batean txaranga batean atera edo bertsolari bati mu­sika jarri. Bestela, beti berdina egiten, aspertu egiten zara.

Barricadara bueltatuz, kontzertu giran zabiltzate azken diskoa dela eta. Zer moduz doa?
Gira oso ondo dijoa. Beldur pixka bat bagenuen krisia­rekin eta Drogasen hutsunea­rekin, baina egia esan, oso ondo hartu gaitu jendeak.

Eta gira bukatzean, proiektu berriren bat baduzue eskuartean?
Aurtengo gira bukatzear gara eta opor txiki batzuk hartuko ditugu. Gero ikusiko dugu zer egin. Egia esan, adin honekin gauzak lasaiago hartzen dituzu.

Zerbait gehitu nahiko zenuke?
Eskerrak eman nahi dizkiet denei Hernanira gonbida­tzea­gatik eta espero dut de­nak han ikustea: lagunak, familia… Eta herritar guztiei ere dei egiten diet azaltzeko, momentu on bat pasatzeko aukera izango baita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!