Udalak parte hartze prozesu bat jarriko du martxan, gaur hasita. Helburua da jakitea, Hernanin kirola edo ariketa fisikoa egiten dutenek zer behar dituzten. Hau da: Ze leku daude kirola egiteko? Nola daude leku horiek? Ze falta dute? Nola hobetu litezke? Denen errealitatea eta beharrak hartu nahi dituzte kontuan eta prozesuan parte hartzeko dei egiten diete herritar guztiei. Aurreneko bilera gaur izango da 09:30etatik 12:30etara, Biterin.
Kirolari eta kirolari ez direnen beharrak
Pertsona bakoitzak bere beharrak dauzka eta honakoak dira adibide batzuk: emakume korrikalarien taldekoek argi pixka bat gehiago estimatuko lukete neguan Osiñagako bidean edo Landare inguruan, eta baita zirkuituak markatzea ere. Herriko palista batek, berriz, Kiroldegiko mantenimendua maizago egitea nahiko luke, besteak beste. Skate-park bat nahi duten gazteak ere badira.
Zentzu honetan, adin tarte eta bizi modu ezberdineko herritarren iritzia bildu nahi du Udalak; kirolari direnen beharrak eta kirolari ez direnenak. Azken horiei ere galdetzea oso garrantzitsua dela diote: «galdetu behar zaie zergatik ez duten kirolik egiten, zer beharko luketen egiteko...».
Lau bilera, beharrak diagnostikatu eta plangintza egiteko
Parte hartze prozesu hau lau bileratan egingo da. Gaur eta datorren larunbatean, beharrak zeintzuk diren diagnostikatuko da. Hurrengo bilerak azaroaren 9an eta 16an izango dira eta etorkizuneko plangintza egingo da. Abendurako plangintza bat esku artean izan nahi da.
Elhuyarrek bideratuko du parte hartze prozesua.