Liztor asiatikoaren kabia hondatu zuten asteazkenean Elizatxo ermita atzean (humilladeroa edo Gurutze Santua ere deitzen zaion ermita), sistema erabat berritzailearekin. Zuhaitzean gora igo beharrik gabe, haga luze batekin kabia zulatu eta pozoindu egin zuten, hiru egun irauten duen pozoinarekin. Frantzian erabiltzen den teknika da, eta Gipuzkoan lehendabiziko probak Usurbilen eta Hernanin egin dituzte.
Asteazkenean, arratsaldeko 16:30ak aldera probatu zuten sistema. Elizatxo ermitaren (Gurutze Santua ere deitzen zaio, edo humilladeroa) atzeko akazietan dago kabia, lurretik 12-15 metro ingurura. Hernaniko Udaleko arduradunak, suhiltzaileak eta erlezainak bildu ziren bertan. Metalezko haga luze bati puskak eransten joan ziren, kabiraino iritsi arte. Kabia zulatu eta Diptron produktua sartu zioten. Abantaila haundiak ditu sistemak: zuhaitzera igotzen ibili beharrik ez dago, eta liztor guztiak hiltzen dira, pozoiak hiru egunetan irauten duelako kabi barruan. Horrez gain, kabia bertan utzi liteke, pozoiak hiru eguneko iraupena duenez, hortik aurrera ez duelako kalterik eragiten.
R batez markatutako zuhaitzak
Udal teknikariek jakinarazi dute kabi horrek ez duela inongo arriskurik, liztor guztiak hilda daudelako, beraz, hor ikusi arren, lasai egoteko dei egin diote herritarrei. Horrez gain, hemendik aurrera kabiren bat sistema horrekin hondatzen dutenean, zuhaitzari R bat jarriko zaio, jendeak jakin dezan zuhaitz horretan hondatutako kabi bat dagoela.