Kontxi Ormazabal da emakume korrikalarien taldeko kide bat, eta hark oso garbi dio, neguan argi pixka bat gehiago estimatuko luketela Osiñagako bidean edo Landare inguruan. Hori bezala, Juanma Muruak dio bere semeak eta lagunek skate-park bat estimatuko luketela; edo aspaldiko kexa da futbol eta errugbi zelaietan urak sekulako kalteak eragiten dituela urtero xamar. Eskaera horiek edo beste hainbat eta hainbat egin litezke datorren larunbatean, kirolari buruzko parte hartze prozesuko lehendabiziko bileran, 09:30etatik 12:30etara, Biterin. Udaleko kirol sailak antolatuta, lau bilera egingo dira, lau larunbatetan, eta abendurako plangintza bat esku artean izan nahi da.
Bakoitzak bere beharrak
Parte hartze prozesua hasterako, Kronikak herritarren artean galdetu du zein diren ariketa fisikoa egiteko ikusten dituzten beharrak. Idoia Esnaola da atletismo taldeko kidea. Hark dioenez, beste herri batzuetan zirkuituak markatuta daude (kilometroak, eta abar), eta Hernanin ez legoke gaizki hori egitea. «Horrez gain, txirrindulariak dabiltzala aipatzen da kartel batzuetan, eta hor jarri behar luke oinezkoak eta korrikalariak dabiltzala ere. Atletismo pistako lurra aldatu beharra ikusten dut, eta gure lokalak txiki geratu zaizkigu, gero eta jende gehiago ari delako; ondoko lokalak hutsik daude...».
Loli Izagirre palista da, eta kiroldegiko erabiltzailea. Berak dioenez, mantenimendua maizago egin beharko litzateke kiroldegian. «Takila bat hondatu, eta denbora asko pasa izan da konpontzerako. Horrez gain, herriko pala txapelketan parte hartzeko bazkide izan beharra ere ez dut beharrezko ikusten».
Kontxi Ormazabal korrika ibiltzen da emakume taldean. Berak dioenez, Elorrabiko bidean eta Landaren aldaketak egin litezke. «Neguan argiteria baju xamarra da bide horietan, eta desanjelatu xamar geratzen dira. Horrez gain, korrika goazela kotxeak oso azkar pasatzen dira, eta sustoren bat hartu izan dugu».
Deialdia «herritar guztiei»
Juanma Murua kirol aholkularia da, eta Hernanin bizi da urteetan. Kirolari izateaz gain, era honetako prozesuak ondo ezagutzen ditu bere lanagatik. Bere iritziz, garrantzitsuena da ahalik eta jende gehienak parte hartzea. «Kirolari eta kirol-taldeei galdetzeaz gain, herritarrei galdetu behar zaie, kirolik egiten ez dutenei ere bai. Zergatik ez duten kirolik egiten, zer beharko luketen egiteko. Horrez gain, pentsatu beharko genuke kalea ere kirola egiteko leku bat izan litekeela, edo mendia...». Muruak uste du adin guztietako jendearen iritzia garrantzitsua dela. «Nere semeak eta lagunek skate-park bat nahi dute, eta nik proposamen hori eramango dut larunbatean».