Romi Etxea proiektuaren bidez, errumaniarren kanpamenduaren ondoan egindako bi eraikinek zeresana eman dute azken egunetan. Eta horren harira, azalpenak eman zituen Luis Intxauspe alkateak asteartean, Plenoan. Udalak egindako txosten teknikoaren arabera (asteartean eskuratu zuen Udalak), bertan egindako bi eraikin horiek araudia betetzen dutela azaldu zuen eta URA agentziak emandako argumentua okerra dela: «URAk dio inguru hori landa eremua dela eta hori kontuan izanda, ibaitik eraikinek egon beharko luketen distantzia ez dela betetzen. Gure txostenak dio lur urbanoak direla eta bete beharreko distantziak betetzen direla. Beraz, eraiki daiteke. Noski, neurri edo baldintza batzuk kontuan hartu beharko dira, baina Karabelgo proiektua bezala litzateke». Lur urbanoa den kasuan, eraikinek, gutxienez, 12 metrora egon behar dute Urumea ibaitik eta 10 metrora Oianume errekatik. Eraikin hauek, Urumeatik 20 metrora daude eta Oianumetik 12ra. Hori guztia kontuan izanda, alkateak jakinarazi du ez dituztela eraikinak botako.
«Irtenbide integral bat eman behar diogu»
Intxauspek gogorarazi zuen arazoa ez direla bi eraikin horiek, 2010etik errumaniarrek bizi duten egoera baizik, eta kanpamendu osoari irtenbide integral bat eman behar zaiola. Bide horretan, Udala elkartzekoa da URA agentziarekin eta proiektuaren parte diren instituzioekin.
Oposizioko alderdiek, txostena hobeto aztertu eta lantzeko beharra azpimarratu zuten, besteak beste.
Puntu guztiak onartuta
Plenoko gainerako gai guztiak onartu ziren: 2012ko aurrekontuaren Kontu Orokorra onartu zen Gobernu Taldearen aldeko botoekin eta oposizioaren abstentzioarekin. Udal Ordenantzak biltzen dituen I. liburuari aldaketa bat egin zaio eta hasierako onarpena eman zitzaion Gobernu Taldearen eta EAJren aldeko botoekin; PSE-EE eta H1! abstenitu egin ziren. Zaharren Egoitza haunditzeko bi abal eskatu zituen Udalak eta horietako bat itzultzea bozkatu zen eta beharrezko ejekuzioa hastea. Aho batez onartu zen.