Ez zuen gutxi balio; ez horixe! Santboiana faborito zelako, katalanei oso ondo jokatuta irabazi zietelako, indarra eman dielako, lau puntu direlako... Hernanik 29-23 irabazi zuen atzo Landaren, eta ondo merezita irabazi ere, ligako bigarren partidua. Hernaniarren presioak, eta Genuaren ezker hankak erabaki zuten partidua, neurri haundi batean (19 puntu lortu zituen kapitainak, jaurtiketen bidez),
0-6, hasiera zaila
Hasiera zaila izan zuten hernaniarrek, Santboianak bi zigor golpe jarraian sartu baitzituen 5 minutu betetzerako, eta Hernanik berriz, izan zuen aukera huts egin. Erreakzioa segituan etorri zen. Presioan sekulako lana egin zuten hernaniarrek eta aukerak iritsi ziren. Genuak zigor golpea
(3-6), Garmendiak zigor-entsaioa (8-6), eta Genuak gauzaketa (10-6). Kataluniarrek ez zuten arnasik hartzen... Olanok entsaioa (15-6) eta Genuak gauzaketa (17-6).
Bigarren zatian Genuaren hankak bazekien nora begiratu: dropa (20-6), eta zaleak txoratzen. Santboianak entsaioa egin (20-11), eta hiru zigor golperekin erantzun zien hernaniarren kapitainak (23-11, 26-11, eta 29-11).
Ez ziren minutu asko falta, eta Santboianak bere atzaparrak atera zituen: bi entsaio eta gauzaketa bat (29-23), baina berandutxo zen. Hernani gehiago izan zen atzo.
Datorren larunbatean, Ordiziaren kontra, Altamiran.