«Zakur txuriak ez zuen sartu nahi txabolan, pausoa aurrera eta bi atzera egiten zituen, eta gora erreparatzen zuen... zer ote du?». Julian Ezeizaren hitzak dira, Aterpe baserriko nagusiarenak. Hala konturatu omen ziren liztor asiatikoak kabia egin zuela, txakurraren txabolan. Iraila hasiera zen, eta geroztik ia hiru aste pasa dira, eta kabia hazteko zai daude, Neiker Tecnaliak eraman, eta ikerketarako erabili dezan. Hernaniko Udaleko arduradunek eskatu diote hori egiteko. Hala dio Marijo Garciak, Babes Zibileko Teknikariak: «Guk eskatu genien kabia bertan uzteko, eta berak onartu egin zuten. Neiker enpresak kabi haundiak behar ditu, bere ikerketak egiteko, eta nola hemen eskuera dagoen, egokia iruditu zitzaigun bertan utzi, eta hazten denean Neikerri eramatea».
Liztor asiatikoa erakarriko duen formularen bila
Neiker Tecnalia elkarte publikoa da, Eusko Jaurlaritzari lotuta dagoena. Liztor asiatikoaren arazoa dela-eta, ikertzen ari dira, eta formula bat bilatu nahian liztor asiatikoak bakarrik erakarriko dituena, eta ez beste intsektuak. Horretarako, liztor kabi haundiak behar dituzte, barruan kume asko dituztenak.
Garcia: «Edozein ez dago prest hori egiteko»
Herritarren borondatea behar beharrezkoa da liztor asiatikoaren arazoari erremedioa eman nahi bazaio. Hala ere, etxe ondo-ondoan liztor kabia uzteko prest daudenak gutxi dira. «Edozein ez dago prest hori egiteko» dio Garciak. Irailaren 1ean joan ziren, eta kabia txikia zen. 15 egun barru berriz joan, eta oraindik txiki xamarra iritzi diote, eta berriz itxoiteko eskatu.
Azken astean dezente haunditu dela dio Arantxa Ezeiza alabak; ea ba laister bizilagun txiki horiek agur esaten dieten, erlezain guztien esperantzarako.