Euskera ikasi, hobetu edo berreskuratzeko aukera ederra eskaintzen dute Udal Euskaltegiak eta AEK euskaltegiak, Hernanin. Eta edozein arlotan eta egoeratan erabiltzeko bidea ere eskaintzen dute irteera eta ikastaroekin, besteak beste. Eskaintza, gainera, bakoitzaren erritmo eta beharretara egokitua daukate. Bi euskaltegiok matrikulazio kanpaina zabalik dute eta izena lehenbailehen ematea komeni da, klaseak hastear baitira.
Aurreko urteetan baino mugimendu gehiago
Udal Euskaltegian gustora dira aurtengo matrikulazio kanpainarekin. Gurutze Salaberria zuzendariak Kronikari azaldu dioenez, «iraila oraindik ez da bukatu eta dagoeneko 120 lagunek eman dute izena. Taldeak osatuta dauzkagu eta astelehenean jarriko gara martxan. Taldeak gainera gutxienez 8 pertsonakoak dira eta 16koak ere baditugu. Aurreko urteetan ez da horrelako erantzunik izan eta oso pozik gaude».
Taldeak osatu dituzten arren, nahi duenak badauka oraindik izena emateko aukera eta ondo datorkion taldean sartzeko aukera.
6 orduko eskaintza berriak, arrakasta
Maila guztietan osatu dira taldeak Udal Euskaltegian, hala nola, hasierako mailakoak, ertainekoak, EGAtik gorakoak... Goizeko taldeetan jende gehiago apuntatu dela azpimarratu du Salaberriak eta langabeziaren ondorio dela uste du.
Arratsaldean, 4 talde osatu dituzte eta baita talde berezia ere 6 ordukoa. «Aurten eskaintza berezia jarri dugu, 6 ordukoa eta arrakasta izaten ari da», azaldu du Salaberriak. Oraingoz 10 lagunek osatzen dute taldea, B1 mailakoa da, eta 14:30etatik 16:30etara dira klaseak.
Horrez gain, autoikaskuntza formatuak ere oso ondo funtzionatzen duela nabarmendu du Udal Euskaltegiko zuzendariak.
Bestalde, erabilera bultzatzeko hainbat ekintza ere antolatzen dituzte: barnetegiak, tailerrak, txangoak...
AEK: «Azken astean
apuntatzen da jende gehiena»
AEK euskaltegian ere ondo dijoa matrikulazio kanpaina, baina balorazio bat egiteko goizegi da oraindik, klaseak urriaren 1ean hasiko dituzte eta jendeak iraileko azken astean ematen du izena, batez ere.
Dena dela, orain arteko joera ikusita, taldeak mantendu egingo dira eta batez ere iluntzean ibiliko da jende gehiena. «Hala ere, gero eta gehiago dira goizez apuntatzen direnak», nabarmendu dute.
Bestalde, iaz 2 talde sortu ziren 0 mailakoak eta joera hori indartzen ari dela azaldu dute eta pozgarria dela. «Azterketak prestatzeko taldeez gain, oinarrizko mailako taldeak eta alfabetatze taldeak osatzen ari dira, hau da, euskeraz bizi nahi dutenenak».
Aukera, goiz, eguerdi,
arratsalde edo iluntzean
Edozein mota eta mailatako klaseak goiz, eguerdi, arratsalde edo iluntzean jaso daitezke AEKn. Alde batetik, euskalduntze taldeak daude (maila guztiak eta alfabetatzea). Bestetik, azterketak lantzeko taldeak: HABEko 1, 2 edo 3garren maila, EGA, hizkuntza eskola ofizialeko azterketak edo edozein hizkuntza eskakizun (IVAP, Irale nahiz Osakidetzakoak). Eta azkenik, autoikaskuntza; programazio pertsonalizatua, norberaren erritmo eta helburuetara jarria.
Klaseez aparte, Zilegi Eskola eta Mintzalagun
Euskaltegiko jardunaz gain, beste hainbat ekintza ere an-tolatu ohi ditu AEKk euskeraren erabilera bultzatzeko. Besteak beste, Zilegi Eskola egitasmoa antolatzen du eta hainbat ikastaroren bidez, edozein gai euskeraz lantzeko aukera eskaintzen dute. Asteartean txakolin probaketa egingo dute, esaterako.
Horrez gain, Mintzalagunen bidez (Doberaren, Gure Artean Euskaraz), herritar euskaldunak eta euskera ikasleak elkartzen ditu, mintzamena praktikatzeko.
Udalaren diru laguntzak
Hernaniko Udalak diru laguntzak ematen dizkie euskera ikasi nahi dutenei. Informazioa Euskara Sailean lortu daiteke edo buruntzaldea.org webgunean dago, Euskara ikasi atalaren barruan, Euskaltegiak klikatuz. Norberaren maila ezagutzeko testak ere egin daitezke.
Euskera lantzeko, elkarte eta talde gehiago: Dobera, EPA eta Banaiz Bagara
Hernanin, euskera ikasi edo lantzeko aukera gehiago ere bada. Esaterako, Dobera Euskara Elkarteak Gure Artean Euskaraz egitasmoa dauka. Egitasmo honen bidez, euskera praktikatu nahi duten herritarrak talde txikitan elkartzen dira, borondatez, eta dakienak ez dakienari erakusten dio. Aurten, gurasoengana zabaldu nahi dute ekimena, gurasoek ere joera hartu dezaten euren artean euskeraz egiteko eta ez bakarrik haurrekin. Izena emateko: 943 33 27 99.
Bestetik, HHI-EPA helduen zentroak ere euskera ikasteko aukera eskaintzen du: 943 33 53 18.
Eta horiez gain, Banaiz Bagara elkartea dago. Batez ere, etorkinekin lantzen dute euskera, nahiz eta irekia izan. Oinarriko hitzak erakusten dituzte eta euskera praktikatuz, kultura ezberdinetako jendea ezagutzeko aukera dago. Harremanetarako: 645 733 818.