«5 minutuko jaitsiera izaten da eta lehertuta bukatzen dugu»

Kronika - Erredakzioa 2013ko ira. 21a, 02:00

«A tope!» jaisten omen dira, dituztenetan, propio hartarakoxe prestatutako zirkuito puskatu, harritsu eta malkarretan. Hiru gauza behar omen dira: burua, indarra eta teknika. BTT Jaitsiera dei­tzen zaiona ez baita soilik bizikletan aldapa bat azkar xamar jaistea. «4-5 minutuko jaitsierak izaten dira, eta lehertuta bukatzen dugu». Aritz eta Xabier Urdanpi­lleta anaiak dira, Ereñotzu­koak, eta punta puntan da­bil­tza BTT Jaitsieratan. Aritzek 19 urte ditu, eta 23 urtez azpikoetan 2garren dijoa Euska­diko ligan. Xabierrek 17 urte ditu, eta junior mailan 2garren joan da oraintxe arte. Lehengo astean min hartuta, agur esan behar izan dio aurtengo denboraldiari.


«Motokrossaren tankera duela esaten dute batzuk»
Kirol hau ez dago konpara­tzerik beste kirolekin; hala diote, behintzat, Urdanpilleta anaiek. «Kirol hau ez dago konparatzerik beste kirolekin. Ezerekin zerikusirik ez du. Izatez gero ere, motokrossaren tankera duela esaten dute batzuk». Erlojuaren kontra jokatzen dute, banaka. Zirkuito bat izaten da, 2 km ingurukoa, eta han jaisten dira. Nahita prestatzen dituzte zuloak, harriak, zainak edo saltoak. «2 metroko saltoak edo 10 metroko saltoak, batzuetan luzeak eta beste batzuetan goitik beherakoak. Bideak gainetik saltatzen ditugu ba­tzuetan». Jaitsiera horietan ez zaio pedalei asko eragiten, ez baitago hartarako denborarik «hasieran eragiten diegu pedalei, esprinean abiatzeko. Gero, ez dugu hartarako denbora haundirik izaten».


Inprobisatzeko tarterik ez
Erokeria litzateke horrelako zirkuitu batean sartzea aurrez ezagutu gabe. Bi anaiek diote ez dutela ezer inprobisatzen, eta aurrez dena buruz ikasten dutela. «Arratsaldeko 15:00ak aldera izaten dira karrerak, eta goiz osoa izaten dugu zirkuitua ikusi eta buruz ikasteko. Buruan mapa egin behar duzu, nolabait esateko, be­giak itxita jaitsi behar duzu arratsaldean». Guztira 90 lagun ari dira Euskadiko karreretan, eta guztientzat zirkuitu bera izaten da. «Kadeteetatik elitera denak zirkuitu bera izaten dugu. Arrisku lekuetan, eskapatoria bat beti uzten dute, baina beti luzeagoa izaten da. Beraz, zenbat eta gehiago arriskatu, orduan eta azkarrago jaisten zara».


Adrenalina nagusi
Bakarrik egin beharreko kirola da, eta hori gustoko dute bi anaiek, inoren dependentziarik ez izatea. Horrez gain, ordea, adrenalina ere gustokoa behar du. «Adrenalina asko» gastatzen omen delako.


«Aita da gure mekaniko, patrozinadore, sukaldari...»
Urdanpilletatarrak elkarrekin ibiltzen dira batera eta bestera, bi anaiak, eta aita. «Aita da gure mekaniko, txofer, patrozinadore, sukaldari...». Kirol honetarako laguntzarik apenas omen dagoen, eta gainera berez aberia dezente izaten omen dira. «Bizikletak asko sufritzen du, eta piezak noiz nahi puskatzen dira. Mekani­ko ona daukagu guk eta eskerrak horri!». Abiadurak arriskua berekin du, eta segurtasuna ere beharrezkoa dute. «Behartu egiten gaituzte hiru elementu jaztera: kasko integrala, mo­tokrosseko estilokoa; espaldera; eta espinillerak. Horrez gain, guk erabiltzen ditugu lepoa, zerbikalak eta ukondoak babestekoak». Erori ere askotan egiten baitira. «Egu­nean behin behintzat bai. Estremoko kirola da, eta arrisku haundia dauka. Erori bai, baina lesio haundirik ez dugu izan oraindik».


Azken proba Hondarribian
Hiru jaitsiera falta dira denboraldia bukatzeko. Gaur eta bihar Burgosen dute, Pan­corbo herrian; irailaren 28an Trapagaranen ariko dira; eta urriaren 5ean Hon­da­rribian. «Hondarribiko pro­ba oso polita izaten da ikusteko. Gainera, Gipuzkoako txapelketa izango da, eta lehia ederra izango dugu. Jaizkibelgo begiralekutik behera jaitsiko gara, kanping aldera». 15:00­etan hasiko da proba, eta ikusi nahi duenak Guadalupera joatea du onena. Han, ondo markatuta egongo da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!