Patinetan ibiltzea gustoko duenak ezin aukera hobea dauka gaur Hernanin. Mugikortasun Astearen barruan, zirkuitua jarriko dute Karabeletik Zubiondora bitartean, eta Ibaiondora ere pasako dira. Goizeko 10:30etatik 12:00etara, beraz, patinak eta kaskoa jantzi eta Hernanin buelta bat emateko dei egin diete patinzale guztiei. Gainera, garai bateko ohiturari eutsita, Karabel auzoko festarekin elkarlanean antolatu dute ekitaldi hori, eta Karabelen bertan ginkana bat jarriko da; Zubiondo poligonoan bestea. Bukaeran, parte hartzaile guztiek hamaiketakoa dute Karabelen bertan, festa giroa aprobetxatuta.
Autorik gabeko egunean, bizikleta Hernanin
Asteari bukaera emateko autorik gabeko eguna antolatu da. Bi ekintza prestatu dituzte. Batetik, bizikleta bide bat jarriko da, Hernaniko Kaxkoa eta inguruetan barrena: Plaza Berritik Karabelera jaitsi, handik Landare, Zubiondo, Florida, Sagastialde, Marieluts, Urbieta eta Plaza Berri. Ordutegia: 09:30-12:00.
Bizikleta Zirkuitua ere jarriko dute, txikiagoa, Atsegindegin, 09:30etatik 13:30etara. Horren ondorioz, trafikoari itxi egingo zaio Landare eta Zubiperako sarrera, goizeko 08:30etatik 12:30etara. Bertara joan behar dutenei eskatzen zaie oinez mugitzeko.