Hernaniarrek bilatu dute aurten ere bere lekua Donostiako Zinemaldian. Besteak beste, Maite Larburu biolinjole eta abeslari hernaniarra protagonista izango da Zela Trovke laburmetraian. Asier Altunak egin duen lana da, eta Zabaltegi sailean estreinatu zen atzo. Ikusteko aukera gehiago ere izango dira, gaur 16:00etan Antiguo Berrin, eta ordu berean Principen (kasu honetan gonbidapenekin). Igandean 18:30etan Trueban; astelehenean 14:00etan Principalen (prentsarentzat), eta 17:00etan Principen. Datorren larunbatean pantaila erraldoian ikusi ahal izango da, Anoetako Belodromoan, 18:15etan hasiko den klausura jaialdian.
Zela Trovke (Belarra mozten) laburmetraiak kanta batean dauka oinarria. Europa ekialdean abesti zahar asko dira hilketei buruzkoak, eta horietako bat da Zela Trovke izenekoa. XIgarren mendekoa dela uste da, eta melodiaren eskuizkribua 1720koa da. Maite Larburuk biolina jo eta kantatu egiten du, eta berekin batera Holland Baroque Society orkestako musikariak izango dira. Eslovakiako kanta honek erritmo oso bizia du, eta tentsioari eusten diote musikariek bukaera arte.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!