Hernaniko taldeak eta banakakoak bilduko dira bihar, AEKko matrikulazio kanpainarekin bat eginez. Taldeko argazkia aterako dute, 19:30etan, Biterin, eta dei egin diete nahi duten guztiei bertara azaltzeko. AEK euskaltegiak zabalik du matrikulazio epea, eta horren barruan hainbat ekitaldi egiten ari da. Argazkiaren ondoren, musika emanaldia izango dute.
Musika emanaldia,
bi oñatiarren eskutik
Talde argazkia eta gero, musika kontzertua emango dute bi oñatiarrek. Joxe Mari Anduaga eta Juanjo Untzilla gitarrarekin eta kantuan ariko dira, eta ikusleek ere aukera izango dute kantuan parte hartzeko, bukaera aldera abesti ezagunak joko baitituzte.
Txakolin dastaketa
Datorren asteartean, irailaren 24an, txakolin dastaketa egingo dute AEK euskaltegian. Mikel Salbador Saltzok gidatuko du kata, eta nahi duenak parte hartu dezake, erabat dohainik. Apuntatzeko aukera irailaren 23ra arte dago, AEK euskaltegian (Larramendi 11), 607 592 864 telefonoan, edo emailez: hernani@aek.org.
Astigarragan karaokea
Astigarragako AEK Euskaltegia ere matrikulazio kanpainan da, eta karaokea egingo dute bihar, 17:30etan, Joseba Barandiaran plazan. Abesti zerrenda luzea izango da, eta sariak irabazteko aukera ere bai.
Astigarragako Udalak dei egin die herritarrei AEKn matrikulatzeko, eta jakinarazi du, diruz lagunduko diela matrikula egiten dutenei. Beharren arabera, matrikularen %40, %75 edo %100 jasoko dute ikasleek. Apuntatzeko, deitu telefono honetara: 607 610 687.