Donostia zinez beteko da astebetez

Kronika - Erredakzioa 2013ko ira. 18a, 02:00

Zinemaldia irailaren 20tik 28ra izango da. Aurten bi Donostia Sari emango dira: Carmen Maurak eta Hugh Jackmanek jasoko dute.

- Amaia Garcia -

Donostiako Zinemaldiak urtero bezala zinemagintzako berrikuntzak ekarriko ditu Donostiara. 61.edizioa indar betez dator eta kalitatez betetako zinema ikusgai izango da egun hauetan Gipuzkoako hiriburuan. Aurreko urtearekin alderatuta, Donostia Sarien kalitatea ez da hain haundia izango. Aurten Carmen Maura aktoresa espainiarra eta Hugh Jackman aktore australiarra izango dira Donostia Saria jasoko dutenak. 211 film ikusgai, eta ho­rietako asko lehenengo aldiz publikoaren aurrean proiektatuko direnak. Aukera txiki bat ekarri dizuet hona.


LA VIE D´ADÈLE - Irailak 20
Film irabazlea da, Canne­seko azken Urrezko Palma-Orria irabazi zuena, eta aurtengo FIPRESCI Sari Na­gu­sia ere bai. Zinezale asko film honen zai daude, Cannesen irabazi zuenetik. 15 urterekin, Adèlen bizi­tza hankaz gora jarriko du gau batez Emma ezagutzeak. Ile urdineko neska horrek de­sioa piztuko dio, eta se­gur­tasuna emango dio bere bu­rua­rengan emakume eta hel­du gisa. Besteen aurrean, Adè­le adoretsu azalduko da, bere burua bilatuko du, gal­du egingo da, eta gero berriz aurkitu…




QUAI D´ORSAY - Irailak 24, 25, 28
Bertrand Tavernierrek obra bat egokitu du, Lanzac & Blain komikigileen izen bereko obra, hain zuzen. Film honek gerturatuko gaitu Ale­xandre Taillard de Vorms-en bizitzara, Fran­tziako Kanpo Gaietako mi­nistroaren bizitzara, alegia. Atzerri politikaren inguruko satira bat da.




AMAREN ESKUAK - Irailak 24, 25, 26
Karmele Jaioren liburuan oi­narritutako filma da. Mireia Gabilondo zuzendariak lan ona egin du moldaketan, eta Zinemaldian aurkezteko au­kera izan du. Filmaren estreinaldia urrian aurreikusia dago, baina Donostian ikusiko da lehenago. Nerea bizitzak lehen ere oreka justukoa zuen, eta gainbehera eroriko zaio, ama, Luisa, ospitalera eramaten dutenean, memoria arazoak direla-eta. Nereak ezagutuko du bere amak ezkutuan zuen aurpegi bat;  bien iraganeko bizipenak tankerakoak direla ikusiko du, antzeko mamuak dabil­tzala bien memorietan.




THE WIND RISES - Irailak 20, 21, 22, 26
Hayao Miyazakiren azkeneko pelikula izango da, bere erretiroaren berri eman baitu. Animearen maisuak Veneziako zinema-jaialdiko Sail Ofizialean aurkeztu zuen bere azkeneko filma eta orain Donostiara dator. Jiro Miyazakik fikziozko pertsonaje bat sortu du, Jiro izenekoa, Horikoshi aeroplano-diseinatzailearen biografia eta Tatsuo Hori idazlearen biografiak batuta. Jiro da protagonista amodiozko kontakizun honetan, mundu nahasi batean bizi­tzeak eta erabakiak hartzeak dakartzan erronken aurrean amore ez emateari buruzko pelikula honetan.




JEUNE ET JOLIE - Irailak 26, 27, 28
François Ozon-en azkeneko lana Donostian ikusteko au­ke­ra izango dugu. Iaz Urrez­ko Maskorra irabazi zuen Dans la maison filmarekin. Aur­ten, Canneseko zinema-jaialdian lehiatu zen filmarekin dator. 17 urteko neska ba­ten erretratua aurkezten digu Ozon-ek, lau urtarotan eta lau abestitan garatzen dena.


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!