Udalak lau foro egingo ditu herritarrekin, ariketa fisikoa egiteko lekuei buruz

Kronika - Erredakzioa 2013ko ira. 17a, 02:00

Hernanin zein leku dau­de kirola egiteko, eta nola daude leku horiek? Zer falta du, eta pixka bat moldatuz gero, zerk balioko luke? Udalak herritarrei galdetu nahi die kontu horiei buruz, eta lau bileretan plangintza egingo du, orain hasi, eta abendura bitartean. Irailaren 28an egingo dute lehendabizikoa, eta bertara gonbidatuko dituzte, kirol talde guztiak, auzo elkarteak, beste elkarteak, eta ariketa fisikoa egitea gustoko duten herritar guztiak.

«Beharrezkoa dugu lehentasunak zehaztea»

Hernanin asko dira kirola edo ariketa fisikoa egiten dutenak, eta denen errealitatea eta beharrak kontuan izan nahi ditu Udalak, aurrerako pausuak emateko or­du­an. Hala azaldu zuen Beñat Amena­barrek atzo, prentsaurrean: «Inbertsioak egin behar direla uste dugu, baina krisi egoerak asko mugatzen gaitu. Horre­gatik, garrantzitsua da lehentasunak ondo zehaztea, eta ez begiratzea gaurko egoerari bakarrik, baizik eta etorkizuneko beharrei».

Hernanin guz­tira 22 kirol-elkarte dau­­de; kirol federatu gabea egiten dutenak ere asko dira; eta lagun artean partidu bat jo­ka­tzen dutenak edo oinez buelta bat ematen dutenak gero eta gehiago.

Horrez gain, kirol instalazioak ere asko daude Her­na­nin, baina denak ez daude egoera berean: «kiroldegia Gi­puz­koako zaharrenetako bat da, baina urtean 300.000 sarreratik gora izaten ditu. Lan­dare eta Zubipe hor daude, uholdeen arazoarekin, oinezko bide batzuk argi egokirik ez daukate...». 

Diagnostikoa eta plangintza
Elhuyarrek bideratuko du parte hartze prozesua, eta Imanol Azkue Elhuyarreko ki­deak azaldu zuenez, lau bilera izango dira, bi zatitan banatuta. Irailaren 28an eta urriaren 5ean beharrak zein diren diagnostikatuko da. Azaroaren 9an eta 16an etorkizuneko plangintza egingo da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!