«Gustatzen zaizkigun abestiak jotzen ditugu, ez dugu estilo itxi bat»

Kronika - Erredakzioa 2013ko ira. 16a, 02:00

Ixiar Jauregi, Lara Mitxe­lena eta Haritz Ezeizak urte asko daramazkite elkarrekin jotzen Musika Eskolaren bidez; herrian zehar egiten diren kale bueltetan eta antolatzen diren ekimenetan aski ezagunak dira, besteak beste. Baina beste gogo batek ere elkartzen zituen: talde bat sortzeko gogoak. Hala ere, hiru lagunekin bakarrik taldea hanka motz geratzen zela iruditzen zitzaien; beste kide bat falta zuten. Sebastian Ustarrozek zirikatuz dioen bezala, «talentoa falta zuten». Ustarrozi proposatu zioten taldeko partaide izateko aukera eta hala osatu dute laukotea.
Entsaiatzeko aurreneko egu­nean berriz, kontzertu bat emateko eskaintza iritsi zitzai­en, Juan Mari Beltranen eskutik. «Oiartzunen jo behar genu­en hilabeteko tartean. 20 minutuko aktuazioa izango zela esan zigun Juan Marik. Kosta egin zitzaigun baiezkoa esatea. Pentsa, izenik ere ez genuen oraindik! Eta bitartean… Bitar­tean izena jarri ge­nion». Halaxe sortu da Bitar­te­an taldea, Hernaniko folk talde berria.

Abuztuan zehar, Galesen
Martxan jarri zirenetik ez dira geratu. Oiartzungo kon­tzer­tuaren ostean, Iruñean eta Astitzen izan ziren, bertan antolatu zen Euskal Herria-Gales elkatrukeko kontzertuen barruan. Eta handik, berriz, Galesera. «Iruñean eta Astitzen ordubeteko emanaldiak eskaini genituen eta udan Galesera joatera gonbidatu gintuzten», azaldu dute.
Galesen, lau kontzertu es­kai­ni zituzten abuztuan zehar, herri ezberdinetan. Eta beraiekin batera, Meynir Gwilym bertako abeslari os­pe­tsua ibili zen. Oso esperientzia polita izan dela diote laurek: «Egia esan, han arrakasta haun­­­dia­goa izan dugu Euskal Herrian baino. Han beste heziketa bat dago musikaren inguruan eta na­bari da: errespetua, isiltasuna… Han musika eta musikaria asko baloratzen da. Hemen, musika entzuteko kul­­tura galdu egin da eta pena da».

Euskal taldeak entzutera joateko deia
Euskal Herriko musikarien egoera zaila dela azpimarratu dute eta dei egiten dute euskal taldeen kontzertuak en­tzutera joateko: «Hemen mu­sikatik bizitzea ia ezinezkoa da. Leku askotan jotzeagatik ordaindu egin behar duzu, ekipoa ere alokatu egin behar da… eta sarrera jartzen baduzu, jendea ez da joaten kon­tzertura. Ez da ikusten atzean dagoen lana eta gastua. Ga­lesen, esaterako, diru lagun­tzak ematen dituzte kanpora ateratzeko eta guri ere dena ordaindu ziguten».
Hernanin ere geroz eta gu­txiago apreziatzen dela musika diote: «Hernanin, ia ekimen guztietan izaten da musika eta jendeak ez du baloratzen. Orain eskaintza asko dago, baina desagertuz gero, zer?».

Meynir Gwilym Donostian, ostiralean
Meynir Gwilym Galeseko abeslaria Euskal Herrira etorriko da aste honetan. Hiru kon­tzertu eskainiko ditu: ostegu­ne­an, Gernikan; ostiralean, Do­­nos­tian; eta larunbatean, Asti­tzen. Kontzer­tuetara animatzeko dei egiten diete hernaniarrei.

Euskal musika eta
argentinarra

Euskal musika eta argentinarra nahasten dituzte Bitarte­an taldean. Abesti tradizio­na­lak dira oinarri, baina ez dute estilo itxirik: «Gusta­tzen zaizkigun abestiak jo­tzen ditugu, helburua baita, guk disfruta­tzea». Batez ere, euskal eta ar­gentinar abeslarien bertsioak dituzte, euren estilo eta instrumentuetara moldatuak, eta baita beraiek sor­tutako abesti pare bat ere.

Hurrengo pausoa, maketa
Emanaldiak bata bestearen atzetik iritsi zaizkio laukoteari eta orain lasai hartu eta gauzak on­do egiteko aprobetxatuko du­­te. Euren hurrengo pausoa, maketa edo diskoa kaleratzea da.  
Taldea hobeto ezagutu eta jarraitzeko aukera bada facebooken, Bitar­tean izenarekin.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!