«Badakigu ezin dela eraiki hor, baina justu, arazoari irtenbidea emateko jarri dugu martxan proiektua»

Kronika - Erredakzioa 2013ko ira. 14a, 02:00

Romi Etxea proiektua gelditzeko URAk egindako eskaerari erantzunez, alkateak azaldu du, arazoa ez direla eraikin berriak, 2010etik errumaniarrek bizi duten egoera baizik, eta arazoari irtenbidea bilatu behar zaiola.

URa Agentziak (Eusko Jaurla­ritza) eskaera egin zuen ostegunean, errumaniar ko­muni­ta­tearen ondoan egiten ari diren eraikina gelditzeko (Romi Etxea proiektuko are­to soziala). Eraikina dagoen lekua oso inundagarria dela azal­du zuen eta pertsonen segurtasuna ziurtatu behar dela. Eskaera horren aurrean, Luis Intxauspe alkateak azaldu du, badakitela ezin dela eraiki bertan, baina justu, arazoari irtenbidea emateko jarri dutela martxan proiektua: «Arazoa ez dira orain ikastaroan egiten ari garen eraikinak; 2010etik bizi dira bertan errumaniarrak eta arrisku gunean bizi dira eta bizi izan dira urte guzti hauetan. Egoera horri konponbidea bilatu behar diogu. Eta ardura, guztiona da». Egoera aztertu eta konponbidea bilatzeko, mahai interinstituzional bat sortzekoak dira, Romi Etxea proiek­tua aurrera daramaten erakundeak (Hernani eta Astigarra­gako Udalak, Foru Aldun­dia, Eusko Jaurlari­tza...) eta beharrezko guztiak (URA, esaterako).

Integrazioa, helburu
Romi Etxea proiektuak 2017an du epe muga eta bitarte horretan, helburua da, errumaniar komunitatearen integrazioa ahalik eta gehien bideratzea eta euren bizi baldintzak hobetzea. Baldintza oneko etxeak egiten erakusten ari dira eta landuko dituzte: higienea, heziketa…

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!