Morbo punttuko hasiera

Kronika - Erredakzioa 2013ko ira. 13a, 02:00

Erregional Ohorezko Mailako taldeak bihar hasiko du denboraldia. Etxean jokatuko du Lesakako Beti Gazte taldearen aurka. Eta ligako aurreneko partidua izateaz aparte, interesgarri egingo duen beste puntu bat ere izango du. Izan ere, orain arte bertan entrenatzaile lanetan aritutako Alain Gere­kaetxebarria, Hernaniko entre­natzailea da orain. Eta Gerekaetxebarriarekin batera, Agustin Boulandier hernaniarra ere Lesakako taldetik etorri da aurten. Morbo punttua, beraz, hasteko.

«Ilusio haundiarekin gaude»
Gerekaetxebarriaz gain, Xabi Sarriegi ere txuri-berdeen en­trenatzaile berria da. Sa­rriegi, urtetan Munda­rroko erregionalen entrenatzaile izandakoa da. Eta laukotea osatzen du, Unai Legarreta prestatzaile fisikoak (hirugarren denboraldia egingo du). Guztiak ilusio haundiarekin eta lanerako gogoarekin daudela azaldu dio Kronikari Gerekaetxeba­rriak: «Gure­tzat eskaintza pare­gabea izan da Hernanira etortzea, aurrera emateko pauso bat eta oso pozik eta ilusio haundiarekin gaude».

Taldea, indartsu
Taldea oso ondo ikusten du entrenatzaile pasaitarrak: «Aurreko urtetatik 5-6 baja egon dira eta etorri diren jokalari berriak, gazteak dira. Nahi genuena. Gogo eta indarrarekin daude eta aurredenboraldian oso sen-tsazio ona izan dugu».

Goiko postuak, helburu
Hernani Hirugarren Mailara igotzeko zorian izan zen aurreko denboraldian eta aurrekoan, maila horretan jokatu zuen. Hori horrela, helburua igoera ote den galdetuta, Gerekaetxebarriak dio goiko postuetan ibiltzea behintzat badela: «Helburu nagusia astez aste emaitza onak lortzen joatea da. Taldearen maila oso ona da eta goiko postuetan egoten saiatuko gara. Aurreko urteetakoa berdintzea zaila izango da, baina borrokatuko dugu».

Talde orekatua
Hernaniren indarguneaz hitz egiterakoan, entrenatzaileak argi dauka: «Blokea herriko jendeak osatzen du, beteranoak bertakoak dira eta asko sentitzen dute taldea. Eta orokorrean, taldeko gehienek urteak daramazkite elkarrekin lanean eta oso giro ona dago. Hori guztia oso garrantzitsua da. Horrez gain, oso talde orekatua da».

Lesakarren aurka, garaipena
Bihar neurtuko diren bi taldeak ondo ezagutzen ditu Gere­kaetxebarriak eta ez du zalan­tzarik egiten garaipena etxekoena izango dela: «Iniziatiba guk eramango dugu eta garaipena ere bai. Bi plantilak ezagutzen ditut eta nere ustez hobeak gara. Gai­ne­ra etxean jokatzen dugu». Hitzordua, bihar arratsaldeko 16:30etan, Zubipen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!