«Liga irabaztea ondorio bat izan da; helburua, trabesia bakoitza da»

Kronika - Erredakzioa 2013ko ira. 12a, 02:00

Luis Goñi hernaniarrak irabazi du Gipuzkoako Distantzia Luzeko Liga, igeriketan. Aurten fisikoki oso ondo sentitu dela dio eta Alfarorekin entrenatu izanak ere lagundu diola. Orain, hilabeteko atsedena egingo du.

Luis Goñik ez du lehenengo aldia Gipuzkoako Distantzia Luzeko Liga irabazten duela. 2009an eta 2010ean ere txapeldun geratu zen. Eta hu­rrengo bi urteetan azpitxapeldun izan ostean, igandean berreskuratu zuen titulua. Helbu­rua liga irabaztea ote zuen galdetuta, ezezkoa erantzun dio Kroni­kari: «Liga irabaztea trabesia guztien emaitza da eta ondorio bat izan da; nere helburua trabesia bakoitza ahalik eta ondoen egitea izaten da». Goñik, Ligako bost probetatik hiru irabazi ditu: Paseo Be­rriko trabesia, Irlakoa eta Kontxako Badiakoa. Txingu­diko trabesian bigarren geratu zen eta Getaria-Zarautzen hi­ru­garren. Denera, 400 puntu lor­tu ditu. Bigarren postuan Jaime Caballero donostiarra geratu da 397,45 punturekin eta hirugarrenean, Irati Men­dia donostiarra, 396,51 punturekin.

Fisikoki hobeto
Urtero, Gipuzkoako trabesiatan maila antzekoa izaten dela dio Goñik, pertsona berak ibiltzen direla lehian. Eta aurten irabazi izanaren arrazoia, fisikoki hobeto sentitu izana: «Aurten askoz hobeto sentitu naiz, entrenatzen ere halaxe ikusten nuen nere burua, azkarrago». Peru Alfaro triatleta hernaniarrarekin aritu da entrenatzen azken hilabeteetan eta horrek ere mesede egin diola aitortu du: «Beste batekin entrenatzeak motibatu egiten zaitu. Askotan, nekatuta egon arren, segi egiten duzu eta bakarrik berriz, errazago ematen duzu amore».

Zuntz haustura
Sasoi betean egon arren, lesio txiki batekin bukatu du denboraldia Goñik. Igande­an, Kontxako Badiako azken trabesian, zuntz haustura izan zuen (haragi etena). «75-100 metroren faltan, harri­kada bat bezala sentitu nuen eta kojoka bukatu nuen, Jaime Caballero atzetik nuela», gogoratzen du. Segundo bakarragatik irabazi zuen Goñik. Lesioa, pare bat asteko kontua izango omen da.

Espainiako Txapelketa, otsailean
Igeriketari dagokionez, hilabeteko deskantsua egingo du orain Goñik eta gero, otsailean jokatuko den Master mailako Espainiako Txapelketa­rako prestatzen hasiko da. Udaran ere hartu zuen parte Tabarca-Santa Polan, Estatuko zeharkaldi inportanteenetakoan eta hirugarren geratu zen, ohi baino maila haundiagoa egonik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!