Lastoa, egurra, buztina, harria, neumatikoa... hau da, material berriztagarri eta berrerabiliekin, etxeak edo eraikinak nola egin erakusten ari dira egunotan, Ergobiko errumaniar komunitatearen ondoan. Ikastaroa antolatu dute Hernaniko eta Astigarragako udalek, Ekian bioeraikuntza profesionalen elkarteak eta Romi Bidean elkarteak.
Asteartean hasi zen ikastaroa eta atzo, orain arte egindakoaren berri eman zioten prentsari. Bertan izan ziren Glori Mendinueta Hernaniko alkateordea, Andoni Gartzia Astigarragako alkatea eta Ekian elkarteko bi kide, besteak beste. Ikastaroa martxa onean doala azaldu zuten. Gartziak gogorarazi zuen ikastaroaren helburuak bi direla: «Errumaniarrek bizi duten egoera hobetzea eta bioeraikuntza bultzatzea; eraikuntzarako beste bide bat». Bi eraikin mota egiten ari dira: areto sozial bat, bertan bizi diren errumaniarrek erabiltzeko, eta etxe prototipo bat, bulego bezala erabiliko dutena.
Arduradunak bezala, ikasleak ere gustora ari dira. Denera, 32 lagun ari dira ikastaroa jasotzen; horietatik 4 Hernanikoak dira eta 3, udal langileak dira. Jaxone Usandizaga da hernaniar horietako bat eta ikastaroa egitearen arrazoia azaldu zion Kronikari: «Bioeraikuntza lehendik ere ezagutzen nuen eta aukera ederra iruditu zitzaidan herrian bertan ikastaroa jasotzea. Interesgarria da oso, norberak eraikitzen duelako, material naturalak erabiltzen direlako eta jendearen arteko lanean oinarritzen delako, konstruktoretatik aldenduz». Errumaniarrak ere ari dira ikastaroa jasotzen: 8, hain zuzen. Horietako lagun batek azaldu zuen asko ikasten ari direla eta ikastaroa oso baliagarria zaiela: «bizi kalitatea hobetzen lagunduko digu».