Hernaniko AEK euskaltegiak Ate Irekiak jarduna antolatu du, matrikulazio kanpaina hasi berri dela eta. Horren barruan, sendabelarren erakusketa jarri dute euskaltegian bertan, Maika Cesterren eskutik. Horrez gain, Cesterrek bi eguneko ikastaroa eskainiko du, doan, datorren astean. Hilaren 17an, intsusa ukendua egiten erakutsiko du bi txandatan: 11:00etan eta 18:00etan. Ikastaroaren bigarren eguna hilaren 19an izango da eta belarrak ezagutzeko mendi buelta antolatu dute. Kasu honetan ere bi txanda izango dira: 11:00etan eta 18:00etan. Euskaltegitik abiatuko dira.
Txakolin probaketa
Mikel Salbador Saltzoren eskutik, hilaren 24an txakolin probaketa egingo da. Euskaltegian bertan izango da 19:00etan. Doako saio horretan, txakolin mota desberdinak ezagutzeko eta probatzeko aukera izango da.
Izen-ematea, aste honetan
Ikastaro horietan parte hartzeko, izena eman behar da astelehena baino lehen. Horretarako: Larramendi 11, behea; 607 592 864; edo hernani@aek.org.
Irailean zehar, beste hainbat ekintza ere izango dira Biterin. Esaterako, AEKko kideek argazkia aterako dute atxikimendua adierazi nahi duten herriko hainbat elkarterekin. Eta horrez gain, musika emanaldia izango da Joxe Mari Anduaga eta Juanjo Untzilarekin.