«Mugikortasuna ibilgailuekin lotzen dugu normalean, baina oinez eta bizikletan ibiltzea ere bada eta hori horrela ulertzea da erronka», azaldu zuen Luis Intxauspe alkateak ostiralean, Mugikortasun Asteari buruzko prentsaurrekoan. Udala zentzu horretan lanean ari da eta Eskolara Bizikletaz proiektua ere azpimarratu zuen Intxauspek: «Institutura doan bidegorria laster hasiko gara egiten eta urte bukaerarako martxan izango da. Bidegorri sarearen zati bat izango da, baina zati garrantzitsua, ia 900 ikasle egongo direla kontuan hartuta». Horrez gain, jarduera, ariketa fisikoa, osasuna... hori guztia ere mugikortasuna dela azaldu zuen.
‘Mugi zaitez aire garbiago baten alde’
Hernaniko Udalak bat egin du aurten ere Europa osoan irailean izango den Mugikortasun Astearekin. Mugi zaitez aire garbiago baten alde lelopean antolatu da aurtengo edizioa eta datozen egunetan ekintza desberdinak izango dira, «egunerokoan kotxea ahalik eta gutxien erabiltzeko kontzientzia hartu dezagun herritarrok», azaldu dute. Larunbatean bertan, goizeko ibilaldia izango da herrian barrena. Goiz Eguzkitik abiatuko dira 10:00etan. Ibilaldia, gainerako ekintzak bezala, adin guztietako pertsonentzat direla azpimarratu dute eta herritarrei parte hartzeko dei egiten diete. Honako ekintzak izango dira: zirkuituak, kirol egokitua, patinetan ibilbidea, bizikleta festa, bizikleta azoka...
Kirol egokitua Koxka elkartearen eskutik izango da, urtero bezala. Froga desberdinak izango dira eta txokolatada ere bai. Patinen ibilbidea berreskuratu egin dute aurtengo edizioan eta Karabelgo auzo elkartearen laguntzarekin izango da, auzoko eguna ospatuko baitute egun berean. Hamaiketakoa ere prestatukodute. Karabeletik Zubiondo aldera izango da, Landareko bidean.
EGITARAUA
Irailak 14, larunbata:
10:00-12:00, Goizeko ibilaldia, Goiz Eguzkitik abiatuta.
Irailak 19, osteguna:
16:30-19:30, Zirkuituak: segway, trikkeak, turbotwist... Tilosetan.
Irailak 20, ostirala:
17:00-19:30, Kirol egokitua, Atsegindegin.
Irailak 21, larunbata:
10:30-12:00, Patinetan ibilbidea, Karabel auzotik abiatuta.
Irailak 22, igandea:
Autorik gabeko eguna
09:30-12:00, Bizikleta festa, Plaza Berritik abiatuta.
09:30-13:30, Bide heziketa zirkuitua, Atsegindegin.
Irailak 28, larunbata:
10:30-13:30, Bigarren Eskuko Bizikleta Azoka, Urbieta kalean (euria egingo balu, Atsegindegin).
* Egoera onean dagoen materiala saltzeko aukera. Prezioa jabeak jarriko du (gehienez, 300 euro).
Materiala jasoko da egunean bertan 09:00etatik 10:30etara, Atsegindegin. Informazio gehiago:
661 331 113/682 741 366, Berrer@2zentroa (Nafar kalea, 19) edo berrera2@gmail.com.