Motxila eta liburuak soinean, eskolara joango dira gaur Hernaniko haur eta gaztetxoak. Gaur ekingo diote ikasturte berriari; hain zuzen, Langile, Elizatxo, Inmakulada, Txirrita eta Hernani BHI Institutuko ikasleek. Urumea ikastolako ikasleak, berriz, ostiralean hasi ziren. Institutuan aurkezpen eguna ere izan zuten ostiralean.
Denera, 3.000 haur eta gaztetxo inguru izango dira, datorren ikasturtean Hernaniko ikastetxeetan ikasiko dutenak: 870 inguru Hernani BHIn, 765 inguru Langilen, 460 inguru Urumean, 394 Elizatxon, 400 inguru Inmakuladan eta 49 Txirritan.
Hernanin, maila desberdinetan ariko dira: Haur Hezkuntza (2-6 urte), Derrigorrezko Lehen Hezkuntza (6-12 urte), Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (12-16 urte), Batxilergoa eta Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako zikloak (16-18 urte).
Udalaren datuen arabera, DBH 1 mailarako saltoan, ikasleen %10 inguruk Hernanitik kanpoko ikastetxeetan ikastea erabakitzen du.
Jardunaldi trinkoa goizez, irailean zehar
Ikastetxe gehienetan jardunaldi trinkoa izango dute irailaren 27ra arte; goizez izango dira klaseak. Langilen, esaterako, Meabe-Bidebietan 09:00etatik 12:30etara izango da eta Laubidietan 09:00etatik 13:00etara. Jangelan geratzen diren ikasleak 14:30ak baino lehen jaso behar direla gogorarazi dute. Urumean ere antzekoa izango da ordutegia. 2 urtekoak 09:00etatik 12:30etara egongo dira eta gainerakoak 13:00ak arte. Elizatxon, berriz, guztien ordutegia izango da 09:00etatik 12:30etara, 2 urtekoena izan ezik. Horiek egokitzapen prozesua egiten ariko dira eta asteazkenean hasiko dira. Ordutegia berezia izango da eta gurasoei jakinaraziko diete. Inmakuladan, bestalde, goizez ariko dira iraileko aurreneko bi asteetan bakarrik. Txirritan, iraila osoan, hilaren 30era arte izango dute goizeko ordutegia. Hernani BHI Institutuan ere, goizeko ordutegia izango da irailaren 27ra arte.
Jangela eta garraioa DBHko ikasleentzat
Hernani BHI Institutuak jakinarazi duenez, jangela zerbitzua gaur bertan hasiko da DBHko ikasleentzat eta garraio zerbitzua ere bai.
Ordutegiari dagokionez, ordutegi jarraia izango da orain eta baita ekainaren 2tik 20ra ere. Ohiko ordutegia, berriz, desberdina izango da gainerako egunetan. DBH: astelehen, astearte eta ostegunetan, 08:30-13:00 eta 14:30-16:30; asteazken eta ostiraletan, 08:30-14:10. Batxilergoa: asteazken eta ostiraletan, 08:15-14:30; astelehen, astearte eta ostegunetan, 08:15-15:00. Lanbide Heziketa (PC PI eta zikloak): astelehenetik ostiralera, 08:00-14:30.