Donostiarra inoiz baino hernaniarragoa

Kronika - Erredakzioa 2013ko ira. 8a, 02:00

Iñigo Goñi

Iraileko lehenengo bi igandeetan festa handia bizitzen da Gipuzkoako hiriburuan eta milaka hernaniarrek gozatzen dute goizean goizetik bai estropadekin eta baita ondorengo festa handiarekin. Kaleak kolore biziz jazten dira eta Hernaniko traineru baten faltan herrikideak kolore desberdinetako kamiseta, txapela, zapi eta abar darabiltzate soinean.

Aurtengo Kontxak badu berezitasun bat hernaniren­tzat. Donostiarra ontziak hernanirekin lotura nabaria du iaz hartu ziren erabakiengatik. Donos­tiarraren entrenatzailea Her­naniko Arraun taldearen en­trenatzailea ere bada, Xabier Zabala, eta laguntzaile mo­duan hernaniarrez josita da­go. Herriko arraun taldeko patroiak arraunlaria eta lehendakaria ere baditu bere alboan lanean. Bertan daude Andoni Sai­zar, Jon Urre­tabizkaia, Ibai Beraza edota Juanjo Etxarte ahalik eta lan hoberena egiteko asmoz. Bi taldeen harteko elkarlana inoiz baino estuagoa da.

Xabier Zabalak berak es­perientzi bezela hazteko balio diola adierazi du astean zehar. «Datorren urtean ja­rrai­tuko dugu Donos­tiarra­rekin lanean, baina hiriko kluben arteko elkarlana bul­tzatzen saiatuko gara». Go­goratu behar da Donostiarra ontzia Kaioarriba taldetik sortu zela eta Donostiako hainbat talderen elkartea dela.

Urtero sortzen dira ahots kritikoak Donostiako traineru baten partehartzearen inguruan. Arraunlari eta entrenatzailea ez dute eztabaidan sartu nahi. «Guk parte har­tzeko eskubidea dugu». Ne­kagarria suerta­tzen da honelako eztabaida. «Urteroko gauza berdina da. Gauza berarekin gora eta behera».
Hernaniko Arraun taldearentzat ere mesedegarria da hari beretik lanean aritzea. Aurrera begira arraunlariak irteera bat ikusi dezakete eta beraien arraun ibilbidea luzatu dezakete 18 urtetik aurrera. Datorren urtean Hernanin jubenil mailan ibilitako bat bai­no gehiago ariko dira Do­nos­tian arraunean.

Azken horren adibide, Jon Urretabizkaia. Lehen urtea du senior mailan eta estropadak egin ditu KAE Ligan. «Kon­txa­ri begira justu xamar iritsi naiz indarrez. Denak emanda». Hernanin hasi zen arraunean eta formakuntzako mai­la guztiak pasa zituen. «Her­na­nik trainerurik ez, eta Xa­bierrekin batera Donostiarran hasi naiz aurten. Izugarrizko esperientzia izan da. Arraun­la­ririk gazteena naiz bai taldean eta seguruaski Liga osoan». Abenduaren 31n jaioa baita Urretabizkaia. 

Arkaitz Goñi bandera irabazteko aukerarekin
Kontxako estropadari begira Hernanik baditu beste hiru ordezkari traineru desberdinetan. Arkaitz Goñi Orioko San Nikolas ontzian ari da arraunean eta nesketan Ainhoa Saizar eta Amets Zapiain San Juanen tostetan  daude. Hirurak hirugarren sailkatu ziren lehen jardunaldian, baina aukera desberdinekin banderari begira.

Orio hirugarren geratu zen Urdaibaiko trainerutik sei se­gundutara. San Juanek aldiz ikurriñari begira atzerapen haundia du Zumaia­rekiko. Hala ere neska hernaniarrak paper hoberena egiten saiatuko dira. Hibaika ez dute urruti et abigarren postua lortzea izango da helburua. Arkaitz Goñi Kontxara itzuli da iaz kanpoan geratu ondoren. «Azken hamaika urtetan be­deratzi aldiz egin dut arraunean Kontxan, 2005­ean eta 2012ean ez beste», baina aurten baino gertuago ez du izan ikurriña bigarren jardunaldian. «Aur­tengoa ordea berezia da. Bandera irabazteko aukerekin iritsi gara bigarren jardunaldira eta izugarrizko ilusioa dugu. Badakigu zaila izango dela. Hala ere entrenamendu oso onak egin ditugu astean zehar eta uste dut txanda irabazten badugu bandera Orio aldera joan daitekeela».

Bere anaia Luis izan zen azken hernaniarra Kontxa ira­bazten, 2000 urtean, eta garaipen hura errepikatzea gustatuko litzaioke anaiari. «Polita litzateke. Urte asko daramatzat ikurriña onen atzetik eta ibilbide baten saria izango zen».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!