FESTA giroan sartu eta ondo pasatzeko adina izaten da gutxienekoa. Umeen kasuan ordea, ilusioa berezia izaten da, eta are gehiago, norberaren auzoko festak direnean: etxe ondoko lagunak, ikastolako lagunen bisita... Latsunbeberri eta Marielutsen bizi diren neska-mutilek aurten ere badute non aukeratu, eurentzako ekitaldi mordoa antolatu baitituzte; gehienbat, bihar, larunbatean.
Kirola izango da protagonista gaurko ekitaldietan: frontenis eta eskupelota txapelketak jokatuko dira arratsaldean. Iluntzearekin batera, magiak hartuko du erreleboa. 21:30etan Martxel magoak jarriko du ikuskizuna.
Umeei zuzenduta, biharko eguna izango da egun haundia. Betiko jokoak antolatu dituzte goizean, hala nola, zaku lasterketa, altxorraren bila, zinta lasterketa (bizikleta eraman behar da), zapi jokoa eta mahai futbola. Marrazki lehiaketa eta buruhaundiak ere, izango dira eguerdira bitartean. Arratsaldean puzgarriak jarriko dituzte Marielutsen, Kiroldegi parean eta balioaskotako pistan; azken honetan ohe elastikoak ere izango dira. Eta eguna ez da hor bukatzen. Ping pong txapelketa ere, bihar arratsaldean jokatuko da. Eta bukatzeko, gozoa nagusi: txokolatada!
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!