Hernanik presentzia haundia, Donostiako Sagardo Egunean

Kronika - Erredakzioa 2013ko ira. 5a, 02:00

n Hernaniko 6 sagardogile izango dira larunbatean Konstituzio Plazan, Gipuzkoako 40 sagardogileren artean. n Bertsotan Maialen Lujanbio ariko da, eta Hernaniko txalapartariek joko dute Kirikoketa famatua.

Hernaniarrik ez da fal­ta­ko larunbatean Donostian, Konstituzio Plazan egingo den Sagardo Egun famatuan. Hernaniko sagardoa, bertsoak eta musika ez dira faltako Donostian, bertan izango baiti­ra: Rufino, Iparragirre, Alberro, Itxasburu, Elorrabi eta Otsua-enea sagardotegiak, Maialen Lujanbio ber­tsolaria eta Hernaniko musika eskolako txalapartariak. Ho­rrez gain, aurten Kizki errekor berria egin nahi duen taldea han izango da informazioa banatu eta kizkiak saltzen, Hernanik iaz egindako errekorra hausteko helburua baitute.

Idi pareak ekarritako lehenengo muztioa, sagar bakarreko sagardoak...
Fama haundia dauka Kons­tituzio Plazan egiten den Sagardo Egunak, Gipuzkoa guztiko sagardogileak joaten baitira bertara: 40 sagardogile izango dira bertan, eta 11:00etatik 14:00etara probatu ahal izango dira euren uztako emaitzarik onenak. Iaz berreskuratu zuten ohitura karreto-barrikak idi-parearekin Donostia erdiguneraino sartzekoa. Aurten ere uzta be­rriko lehenengo muztioa Loio­la kalean barrena ekarriko dute Konstituzio Plazaraino, 10:45e­tan abiatuta. Idi-parearekin batera etorri nahi dutenei dei egin diete Loiola kalean zain egoteko baserritar jantzian. 12:00etan muztio berriari harrera txalapartariek egingo diote, Konstituzio Plazan, eta plaza guztiak batera ohorezko topa egingo dute. Berrikuntza bat bada aurten ere. Sagar mota bakarrarekin egindako sagardoak probatu ahal izango dira aurtengo Sagardo Egunean. Gipuz­koako Sagardogileen Elkarte­ak EHUko kimika fakultateak eta enologo eta teknikari talde batek azterketa hasi dute sagardo mota honi buruzkoa, eta lehenengo emaitza probatu ahal izango da, 11:00etatik 12:30­etara, Konstituzio Pla­zako liburutegi zaharreko ekitaldi aretoan (sarrera San Jero­nimo kaletik dauka).

Elkarte Gastronomikoak omenduko dituzte aurten
Aurten Elkarte Gastrono­mi­koak omenduko dituzte Sagardo Egunean, sagardo kontsumoaren alde egindako lanarengatik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!