Argazki zaleen egun haundia izango da igandea. 12garren urtez, Argazki Digitalen Rallya antolatu du Hernaniko Foto Forum taldeak. 09:00etan hasi eta 14:00ak arte, bost ordu izango dituzte Hernani barruan argazkirik onenak ateratzeko. Izen ematea momentuan bertan izango da, hau da, 09:00etatik 10:00etara udaletxeko arkupe txikian (denboraren kontrolerako argazki bat atera beharko da). Bi maila egongo dira: haurrena (12 urte artekoak) eta helduena (13 urtetik gorakoak). Izen ematea dohainik izango da haurrentzat (12 urte arte) eta 5 eurokoa gainerakoentzat.
6 argazki aukeratu
Parte hartzaile bakoitzak kontrolerako argazkitik gehienez 36 argazki jaitsi ahal izango ditu eta horietatik 6 aukeratu beharko ditu. Argazkiak aurkezteko epea, rallyaren hurrengo egunetik irailaren 11 artekoa izango da.
190 euroko saria
Sari ederrak izango dira bai helduentzat, bai haurrentzat. Besteak beste, helduen artean, bilduma onena lortzen duenak 190 euro irabaziko ditu.