Atzo inauguratu zuten Orona Ideoko hiru edifizioetan, lehendabizikoa

Kronika - Erredakzioa 2013ko ira. 5a, 02:00

Orona Fundazioa martxan da atzotik, Oronako fundatzaileek akta liburua fundazioari entregatuta. 50garren urteurrenean, Oronak omendu egin zituen 17 fundatzaileak.

Orona Fundazioaren edifizioa inauguratu zuten atzo, Galarretan, eta hori da hain zuzen, Orona Ideo proiektuak izango dituen hiru edifizioetako bat. Mondragon Uniber­tsi­tatearen goi mailako ingenieritza graduak bertan eman­go dira, besteak beste. Pausu asko batera eman zituzten atzoko ekitaldiarekin. Izan ere, Oronak 50 urte bete ditu aurten, eta atzoko ekitaldia aprobetxatu zuten Oronako fundatzaileak omen­tzeko. Fundatzaileek fundazioari eman zioten Orona sortu zeneko akta liburua, eta Oronak entregatu zien liburuaren erreplika bana, eta Orona Ideoren maketa.


«Orona Fundazioaren bidez zabalduko dugu Oronaren alderik humanoena»
Orona Ideo proiektu haundi bat izango da, eta Orona Fundazioak alderik humanoena ordezkatuko du. Gizarte osoari zerbitzua emateko sor­tu da Orona Fundazioa, irabazi askomorik gabeko elkartea. Besteak beste, Her­na­niko Uda­­lak ere parte izango du Orona Funda­zioan, eta lau helburu nagusi dituzte: 1) Ins­tituzioekin el­karlana, garapenerako; 2) Ins­tituzioekin lor­tzen den lan eredua nazioartean za­baltzea; 3) Hezkuntza garapena, unibertsitatearekin lan eginez, ukitu berezia izango duten proiektuen bila;  4) Inguruko zonaldeak gara­tzea, herritarrekin lotura bilatu, eta garapen soziokultural eta hezkuntza mailakoa bilatu, aberastasuna sortzeaz gainera. Besteak beste, bi aste barru Orona Fundazioaren egoi­tzan goi mailako bi gradu ondoko hasiko dira, Mondra­gon Unibertsitateak eskain­tzen dituenak, eko ingenieri­tzari buruzkoak.


Manolo Trueba: «Gure ondarea hemen uzten dizuegu, liburu forman»
Oronak 50 urte bete ditu aurten, eta besteak beste, 1964an kooperatiba sortu zuten 23 kideak omendu zituzten. Manolo Truebak hitz egin zuen beraien izenean pozez, eta falta dituztenak gogoan. «Gaur hunkitu egiten gaitu ikusteak, guk erein genuen hazi hark zerbaiterako balio izan duela (gaur egun 4.000 per­tsona daude Oronari lotuta). Gaur gure ondarea hemen uzten dizuegu, zuei, liburu moduan». Guztira fundatzaile haietatik 13 azaldu ziren atzoko ekitaldira, eta haiei eta euren bikotekideei eskertu zitzaien egindako lana eta esfortzua. Omenaldian ziren, Oro­na­ko egungo arduradunak eta lehengoak, Hernaniko udal arduradunak, Burun­tzal­dea, Oarsoaldea eta Bi­dasoaldea­ko udal arduradunak, Gi­puz­koako Diputazio­ko ardu­ra­dunak, eta abar luze bat. Luis Intxauspek, Hernaniko alka­teak proiektu hau hasi zutenei eskerrak eman zizkien, bereziki Javier Mutuberriari, eta adierazi zuen Oronak asko lagundu diela hernaniarrei orain arte, eta aurrerantzean ere hala segiko duela ikustea garrantzitsua dela; «gehiago, krisi ekonomikoak jotako garaiotan». Martin Garitanok kooperatibaren baloreak azpimarratu zituen, beste enpresentzat eredu moduan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!