Orona-ideo proiektuari gaur emango zaio abiatzeko azken bultzada, Galarretan egingo duten inaugurazio ekitaldian. Eguerdiko 12:00etan Orona Fundazioaren eraikina inauguratuko dute, Orona-Ideo proiektuaren barruan garrantzia haundiko eraikina. Gaurko eguna aukeratu dute baita ere Orona sortu zutenak omentzeko. Ekitaldian izango dira Oronako sortzaileak, Oronako arduradunak, inguruko herrietako Alkateak eta Gipuzkoako Diputatu Nagusia.
Orona Fundazioa, eraikin bat baino gehiago
Orona Fundazioaren edifizioan izango da aurrerantzean Orona taldearen egoitza nagusia, eta Mondragon Unibertsitateko bi Ingenieritza gradu emango dira bertan; Orona Gizarterantz proiektua ere hortik bideratuko dute.
Hernaniko Udal Gobernu Taldea ilusioz
Kronikara bidalitako prentsa oharrean, Gobernu Taldeak poza adierazi du, gaurko inaugurazioa dela eta. «Orona Fundazioak lau helburu ditu: garapen instituzionala, internazionala, akademikoa, eta inguruaren garapena; proiektu honek Hernaniri ekarpen haundia egin diezaioke, eta ilusioz hartu dugu inauguratuko duten albistea».
Ekitaldia, gaur, 12:00etan, Galarretan.