Julen San Miguelek finalderdi bat baino gehiago dauka gaur jokoan. Inoiz egin ez duena egin nahi du, haundietan haundienari irabazi, Koteto Ezkurrari, bere herrikideari. Bi doneztebarrak joku puntu oso onean dira, baina zaharrak bere ibilbidean irabazi beharreko guztia irabazi du; gazteak berriz asko demostratu du, baina arantza bat dauka atera beharra. Tentsioa izango du etsai, eta sasoia lagun; Ezkurra haundia etsai eta egungo kolperik indartsuena lagun. Galarretan lau partidu jokatuko dira gaur, 16:00etan hasiko den jaialdian. Estelarra bigarrena izango da, beti bezala, 17:00ak aldean.
Aurrelaria eta atzelaria,
bi joku erabat ezberdin
Zer ikusirik ez dute bi doneztebarren jokatzeko moduek. San Miguelek joa dauka, indarra, eta sake bikaina. Ezkurrak dohairik gehienak baditu, baina indarrean hasiz gero, galtzeko guztiak izan litzake gaztearen kontra. Hori badaki, eta peloteatzeko moduko materiala aukeratu du Kotetok, erdi-botekoa: 126 eta 131 gr artekoa. San Miguelek ere pixuz tankerako pelotak aukeratu ditu, 126, 130 eta 131 gramokoak, baina botez askoz biziagoak, eta sakean min egiteko modukoak.
Gaur irabazten duenak iazko txapelduna izango du aurrean, Urriza gaztea, hura ere sekulako joko-puntuan dagoena. Joan den urtean irabazi egin zuen Urrizak finala, 30-28, Zeberio IIaren kontra. Horretarako, ordea, Ezkurra kaleratu behar izan zuen finalerdietan, eta horrek eman zion aukera eta indarra, bere ametsa betetzeko. Aurten ez du gogo gutxiago izango txapela janzteko, baina horretarako, gaurko bi jokalari haundiren baten kontra demostratu beharko du zenbat den. Datorren larunbatean jokatuko dute finala, Galarretan bertan.
Jaialdiko lau partiduak
1) Matxin-Labaka / Ezkurra II-Aizpuru III. 2) Ezkurra-San Miguel. 3) Etxabe II-Ion / Matxin III-Agirrezabala. 4) Endika-Zubiri / Juanenea-Olazar.