Irailan sartzearekin batera, martxan jarri da ikasturte berria eta ikastaroei eta kirol jarduerei ekiteko orain da garaia. Matrikulazio epea ere gaur zabalduko da ekintza askotan.
AEKn matrikulazioa zabalik
2013-2014 ikasturtean euskera ikasi nahi dutenek aukera zabala dute AEKn: euskalduntze taldeak, azterketak lantzeko taldeak, autoikaskuntza...
Euskalduntze taldeak aukeratzen dituztenek astean 2, 3 edo 4 egunez izango dituzte klaseak eta euskaltegian jasotakoa kanpoan erabiltzeko aukera izango dute. Azterketak prestatu nahi dituztenek astean 2 edo 3 egunetan izango dituzte klaseak eta 15 egunean behin tutoretza pertsonalizatuak. Autoikaskuntza nahiago dutenek berriz, astean behin edo bitan eskatu dezakete tutore baten laguntza, ikasleak berak nahi duen ordutegian.
Klaseak goiz, eguerdi, arratsalde eta iluntzean izango dira. Izena emateko aukera gaurtik aurrera izango da: hernani@aek.org helbidean, astigarraga@aek.org, 607 592 864 edo 607 610 687.
Banaiz Bagara, larunbatero
Euskerazko oinarrizko hitzak eta esaldiak ikasteko saioak ere eskainiko ditu ikasturte honetan Banaiz Bagara elkarteak. Gaur ekingo dio berriz zeregin horri eta Hernanin larunbatero jarri dute hitzordua taldean elkartu eta euskera lantzeko: 10:30etan Biterin eta 17:00etan Txema tabernan. Parte hartzea doakoa da eta ez da euskera ezagutza mailarik behar. Harremanetarako: 645 733 818.
Helduentzako ikastetxean, bihartik matrikulazioa
EPA Helduentzako Hezkuntzarako Ikastetxean ere aukera ederra izango da ikasturte honetan: idazten eta irakurtzen ikasi, Bigarren Hezkuntzako Graduatua lortu, hizkuntzak ikasi, informatika, Goi Mailako Heziketa Zikloetan sartzeko prestakuntza...
Matrikulazio epea bihar irekiko da. Izena emateko: astelehenetik ostiralera, 10:00-12:00/17:00-19:00; Antziola 62 (943 33 53 18).
Biteriko ikastaroetan
izen-ematea, ostiralera arte
Urtero bezala, Biterin ikastaro desberdinak emango dira ikasturtean zehar, bai umeentzat eta baita helduentzat ere. Apuntatu nahi duenak, gaurtik ostiralera dauka izena emateko aukera. Plazak betetzen badira, zozketatu egingo dira irailaren 9an, 12:00etan.
Umeentzat, antzerkia eta pintura-marrazketa ikastaroak antolatu dituzte. Helduentzako, berriz, 21 ikastaro luze daude aukeran. Ikastaro laburrak ere badaude.
Gaur, atletismoko emakume taldeak, entrenamendua
Atletismoko emakume taldea gaur hasiko da entrenatzen. Astelehen eta asteazkenetan izango dira entrenamenduak 19:00etatik 20:00etara. Herriko emakumeei animatzeko dei egiten diete. Horrez gain, umeek (7 urtetik gora), astearte eta ostegunetan izango dituzte entrenamenduak, irailaren 10etik aurrera. Gainerakoak martxan dira jada.
Gimnasia erritmikoan apuntatzeko azken eguna
Alebinetatik seniorretara bitarte, gimnasia errimikoa egin nahi dutenek gaur dute izena emateko azken eguna. Bihar hasiko dira entrenamenduekin. Izena emateko orriak Kiroldegian daude eskuragarri. Aurrebenjamin eta benjaminak irailaren 30ean hasiko dira eta horiek irailaren 9ra arte dute izena emateko aukera.
Judoa ere bihartik martxan
Bihar hasiko dira judoko entrenamenduak kadete, jubenil, junior eta seniorrentzat. Entrenatzeko egunak: astelehena, asteartea, osteguna eta ostirala izango dira 20:00etatik 21:30etara. Horrez gain, txikientzako izena emateko epea irekita dago; irailaren 16an hasiko dira. Informazio gehiagorako: kiroldegia, 658 881 112 edo judohernani@gmail.com.
Jiu jitsu egiteko aukera
Juma jiu jitsu elkartea bihar hasiko da martxan eta matrikula egiteko epea zabalik dago. Interesatuek deitu (616 263 871) edo bertara azaltzea dute, 20:00etan.
Ozenkiren aurreneko
entsaioa, bihar
Ozenki abesbatzak bihar izango du aurreneko entsaioa 19:30etan. Igandean Zikuñagan abestu behar dutenez, azaltzeko dei egin dute.
Doinu-zalen matrikulazioa
Doinu-zale musika eskolan matrikulazioa zabalik dago (637 857 962).