«Lana ziurtatua izaten dute eta irtenbide bat ematen zaie prostituzioan ez erortzeko»

Kronika - Erredakzioa 2013ko ira. 2a, 02:00

«Thailandiakoa naiz, Ka­ren tribukoa. Hizkuntza pro­pioa dugu, baita idazkera, kultura, ohiturak, janzkera… Ipa­rral­dean, ingurune mendi­tsu­an bizi gara eta asko errespeta­tzen dugu natura. Gu 7 anai-arreba gara: 4 mutil eta 3 nes­ka. Eta ni guztien artetik hirugarrena naiz. Aita seminarioan aritu zen eta ama Baan Mari­nan formatu zen. Horrela ezagutu nuen fundazioa. Eta bo­kazioz sartu nin­tzen 15 urterekin. Poz haundia sentitu nuen, oso gustora sentitzen nin­tzen bertan eta handik aurrera ez naiz atera. Ordutik 26 urte pasa dira», azaldu dio Kroni­kari Suwa­nna Charoenseenek.
Baan Marina Fundazioak Thailandiako iparraldeko tribuetako neska gazteei formakuntza ematen die. Oina­rriz­ko ikasgaiak eta thai hizkuntza ofiziala erakusteaz gain, josten erakusten diete. Lana ziurtatua izaten dute eta as­kok beraien tailer propioa jar­tzea ere lor­tzen dute.  Forma­zioa buka­tzen dutenak, urtero 45 bat izaten dira. Modu ho­rre­tan, irtenbide bat eman nahi zaie prostituziotik urrun­tzeko, familia eta etxearen zain­tza emakumearen gain egonik, askok prostituzioan ikusten baitute irtenbide bakarra.  
Hernaniko herritar talde batek (misiolari laikoak) hainbat ekintza antolatzen ditu proiektua diruz laguntzeko, orain dela 15-20 urtetatik. Gaur egun, San Joanetako tonbola da ezagunena.

Pobreenei zuzendua
Baan Marinan neska gazteak hartzeko baldintza bakarra, pobreak izatea da. Pobreenak hartzen dituzte, ikasteko auke­rarik ez dutenak eta prostituzioan erortzeko auke­ra gehiena dutenak. Gainera, tribu horietako neska asko paperik gabe egoten dira, existituko ez balira bezala da, eta horrek egoera okertzen du. Baan Marinan, paperak lortzen ere laguntzen diete.

Ahizpa beteranoek,
erreleboa

Bihotz Santuen Misiolariek sor­tu zuten Baan Marina Fundazioa, Thailandiako iparraldeko tribuetako neska gaz­teei formakuntza emanez hasi ziren 1965ean. Egun, Teresa Dupouy ONGDare­kin (Gara­pe­nerako Gobernuz Kan­poko Erakundea) elkarlanean ari da. Hasiera hartan, 7 ahizpa joan ziren Thailan­diara eta horietatik 3 geratzen dira bakarrik. Beraz, erreleboa behar izan dutela azaldu du Chelo Garcia ahizpak. Horren adibide da, Charoenseen. Egun, fundazioko arduradunetako bat da.
Esan bezala, Charoenseen bokazioz sartu zen Baan Marinan, ez baita familia pobrekoa, eta irakasle eta psikologa ikasketak ditu, besteak beste. Orain, Euskal Herrira etorri da urtebeterako, ikasten jarraitzeko. Ingelesa eta gaztelera ikasteko asmoa du, besteak beste.

2 urteko formazioa

Baan Marinak 2 zentro dauzka Thailandian: Chiang Main eta Phayaon. Chiang Mai hiri koxkorra da eta turistikoa; Pha­yao, berriz, nekazal girokoa. Be­raz, aurrena, Phayaora joaten dira, tribuetatik etorritako neskak direnez, pixkanaka ohi­tzen joateko hiriko bizimodura.
Neskek 2 urteko formazioa jasotzen dute. «Josten 3 hilabetetan ikasi daiteke, baina per­tsona izaten ez. Helduta­su­­nera iristeko 2 urte gutxienez behar dira. Eta pertsonaren dignitatea zer den ere erakusten diegu», dio Garciak. «Ho­rrez gain, Baan Marinara joaten diren neskek ez dute lotura galtzen euren herriarekin. Hori oso garrantzitsua da».

Hirugarren zentroa ireki nahian
Proiektu berria ere badute eskuartean. Hirugarren zentro bat irekitzeko asmoa dute Lampoon, Chiang Maitik 30 km-ra. Industria haundiko ingurua da eta aztertzen ari dira zer egin daitekeen.
Horrez gain, beste hainbat zerbitzu ere eskaintzen ditu Baan Marinak: ikasketak bukatu dituzten hainbat jostun gaztek bertan jarraitzen dute; ikasleak hartzen dituzte;  ohiko unibertsitatera joan ezin duten neska pobreak daude eta zentroaren ondoan dagoen unibertsitate budistara joaten dira; gaixoei ostatu ematen diete, ospitalerako bidean geratzen baita zentroa...

120.000 euro inguru urtean
Formakuntza jasotzen ari diren neskak zentroetan bertan bizi dira eta bakoitzaren mantenuaren kostua, ikasketak barne, 50 eurokoa da, hileko. Egun, 200 neska inguru daude. Beraz, urtero 120.00 euro inguru behar izaten dira proiektua aurrera ateratzeko. Herritarrek egindako ekarpenekin ateratzen da aurrera proiektua eta asko eskertzen dute. Hernanin, esaterako, aurtengo San Joanetako tonbolan 4.000 euro atera dira.

Boluntario gisa joateko edo
diruz laguntzeko:

www.misioneras-sc.com
ONGD Teresa Dupouy
Fedearen pasealekua, 34.
20007, Donostia.
Telefonoa: 943 46 00 26
Kontu zenbakia:
0075 0019 15 0701127341.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!