Gaur erabakiko da Buruz Buruko Txapelketa Nagusiko aurreneko finalista zein den. Javier Urriza eta Jon Juaristiren artean izango da lehia eta oso neurketa parekatua espero da, ezaugarri antzekoak dituzten pelotariak baitira. Biek partidu bana galdu dute ligaxkan eta biak forma onean dira. Aurrelariak izanik, peloteo askoko partidua izango dela aurreikusten da eta sakeak ez duela hainbesteko eraginik izango. Dena dela, Urriza, egungo txapelduna da faborito.
Materiala ere, antzekoa
Ostegunean aukeratu zuten materiala bi erremontistek eta antzeko pelotak aukeratu zituzten. Hala azaldu zuen Juaristik: «Biak antzeko pelotariak gara eta bote erdiko pelotak aukeratu ditut. Peloteo luzearen bila noa, bere kolpea ez nagusitzeko. Eta pelota bat motelagoa da jokoa aldatu behar den kasurako». 126, 130 eta 132 gramoko pelotak dira. Urrizak honakoa esan zuen: «Biak antzekoak gara eta nik ere bote erdiko pelotak aukeratu ditut, nahiz eta horietako bat biziagoa izan. Erasorako aukeratu dut». 128, 132 eta 133 gramoko pelotak dira.
Galarretan 16:00etan hasiko den jaialdiko bigarren partidua izango da. Beste hiru partidu ere jokatuko dira; tartean, Barrenetxearena.