Parot doktrina izenez ezaguna den 197/2006 doktrinari amaiera emateko, ekimen ibiltari bat jarri zuen abian Herrirak, ekainaren 8an: Herritarron epaia, hain zuzen. Tafallan idatzi ziren lehenengo orriak eta ordutik herriz herri eta auzoz auzo ari da osatzen. Azken geldialdia Iruñeako Anaitasunan izango da, irailaren 14an. Eta gaur Hernanira iritsiko da, azken ostiralarekin bat. Ekitaldia 20:00etan izango da Plazan eta herritarrei dei egiten diete azaldu eta beraien ekarpena egiteko.
«Epaia emana dago»
Herriraren arabera, «doktrina honek bidegabeki luzatzen die espetxealdia, zigorra betea duten presoei. Eta honen aurrean epaia emana dago: aspektu juridikoan, Estrasburgon 2012ko uztailean aho batez emandakoa (Ines del Rio aske uzteko aginduz) eta eremu sozialean, euskal gizartearena; behin eta berriz eskatu baitu giza eskubideen errespetua eta salbuespen neurrien bukaera. Beraz, ez gaude prest esperoan egoteko».
Doktrina aplikatu dieten kolektiboko lau preso hernaniarrak gogoan izango dituzte.