«Testu liburuak saltzen hasi gara dagoeneko, baina materiala oraindik ez. Koadernoak, karpetak, hiztegiak... horrelako materiala kurtsoa hasten denean erosten da, batez ere, orduan jakiten baitute zer behar duten», azaldu dio Kronikari Garbiñe Oiarzabal Leokadistiko arduradunak. Ikasturte berria irailaren 9an hasiko da eta guztia prestatzeko garaia iritsi da. Egun gutxi barru hasiko da mugimendua eta Hernanin bada beharrezko guztia erosteko aukera. Leokadistin Batxilergoko liburuak daude eskuragarri, DBH eta LHkoak ikastetxeetan ematen baitituzte. Horrez gain, eskolarako beste hainbat material ere badu: umeentzako motxilak, esaterako. «Motxilak ere hasi dira erosten, eskola hasi aurretik erosteko joera izaten da», dio. Baina aurten gurpildun motxilarik oraindik ez duela saldu gaineratu du. Eta aurten berezitasun bat ere izango du Oiarzabalek: 2-6 urteko umeentzako mantalak jarri ditu salgai.
Altus motxila, egokia
Helduxeagoentzako motxila aukera ederra du Ibai Mendi kirol dendak. Baina denetan bada bat nabarmentzen dena: Altus markakoa. 15 urte daramazkite saltzen eta oraindik ere sekulako arrakasta dutela azaldu dio Kronikari Koldo Alkortak. «Ez da moda kontua bakarrik, oso motxila egokia da. Bizkarrerako oso babes ona du eta kapazitate haundikoa da. Borobila da eta kremailera goitik beheraino irekitzen da. Karpetak eta liburuak erraz sartzen dira eta gainera kirola egiteko ere aproposa da». Horrez gain, ikasturteari begira, haurrentzako kirola egiteko oinetakoak asko saltzen dituzte garai honetan.
Portatilak, unibertsitatean
Ordenagailuekin lan egitea ere beharrezkoa da gaur egun eta gero eta goizago hasten dira eskolan erabiltzen. Eta Hernanin bada denda aukera: On bit, Oria... Oriatik azaldu dutenez, ohiko ordenagailuak eta portatilak nahiko pareko erosten dira. «Erabileraren araberakoa da. Etxetik kanpo erabiltzeko bada, hobe portatila. Unibertsitatean dabiltzan ikasleentzat egokia izaten da, etxetik kanpo ikasten baitute askok. Ume eta gaztetxoentzat berriz, hobe betikoa, portatilak delikatuagoak baitira».