Ekogor, Estubegi eta Limuri, Galarretako eremu berriak

Kronika - Erredakzioa 2013ko abu. 29a, 02:00

Galarreta ingurua 3 eremutan banatzea onartu zuen Plenoak asteartean, aho batez, eta izenak ere jarri dizkiete. Alde batetik, Orona eraikinaren eremuari, Eko­gor izena jarri diote, garai batean bertan zegoen baserriaren izena kontuan hartuz. Bestetik, eraikinetik ospitalera doan bidean ezkerretara geratzen den eremuari (Young Play dagoen tokia), Limuri izena jarri diote; eta azkenik, ospitalera doan bidean eskubitara gera­tzen den eremuari, Estubegi izena. Udal artxibora jo da izenak aukeratzeko.

Querejeta parkea, Txantxillan Txantxilla auzoko parkeari
Elias Querejeta izena jartzea ere onartu zuen Plenoak, aho batez. Ekainean, zine zuzendari hernaniarra hil zenean, Plenoak proposatu zuen Hernaniko leku publiko bati bere izena jartzea eta Txantxillan izatea egoki ikusi da, gazte denboran han bizi izan zelako. Izena jartzeko ekitaldiaren eguna zehazteko dago, baina iraila hasieran izango dela aurreratu dute. Gracia Querejeta alabarekin harremanetan dabiltza.

Feria, bi gunetan banatua
Plenoak aho batez onartu zuen, ostegunetako feriaren araudian moldaketa batzuk egitea. Araudi berria mar­txoan onartu zen, baina hobetzeko hainbat kontu bazirela ikusi dute. Orain, feria bi gunetan banatua egongo da, besteak beste. Alde batetik, arropak, oinetakoak eta osagarriak egongo dira; eta bestetik, janariak, tresnak eta garaian garaikoak. Ordezkapen sistema ere, banaketa horren arabera egingo da orain.

Musika Eskolak, zuzendaritza berria
Musika Eskolan zuzendaritza aldaketa izango da ikasturte honetatik aurrera eta hori ere onartu zuen Plenoak aho ba­tez. Iñaki Egurenen ordez, Eli Iragorri izango da zuzendari eta Amaia Aldalurren ordez, Maribel Insausti idazkari. Horrez gain, hainbat Udal eraikin garbitzen dituen en­presari (Comercial de Limpie­za Villar SL) kontratua urtebetez luzatzea onartu zen

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!