Arzadunen idi parearentzat izan dira Ergobiko mantak

Kronika - Erredakzioa 2013ko abu. 28a, 02:00

Euria egin arren, giro ederrean joan dira Ergobiko jaiak aurten. Halaxe azaldu diote Kronikari festetako arduradunek: «Egia da, euriarekin iaz baino jende gutxixeago ibili dela, baina oso balorazio ona egiten dugu». Eta horren adibide garbia astelehena izan zen, azken eguna. Eguraldi trixteari aurre eginez, jendetza bildu zen beste behin ere, idi deman. Goiz eta arratsalde jokatu zen idi proba eta Aiako Arzadunen idi parea nagusitu zen. 80 plaza, 3 zinta, 5 metro eta 20 zentimetro egin zituzten. Bigarren postuan Errenteriako matxaindarrak geratu ziren, 78 plaza, 4 metro eta 50 zentimetrorekin. Hirugarren postuan, Lasarteko telleriatarrak 76 plaza 3 metro eta 20 zentimetrorekin eta azken postuan, izetatarrak 75 plazarekin. Beraz, Arzadunen idientzat izan ziren Ergobiko mantak. Itzain onenaren sari berezia, berriz, Jesus Mari Ma­txainentzat izan zen.

90 bat lagun, bazkaltzen
Egun osoko festa izanik, bazkari ederra ere antolatu zuten eta 90 bat lagun elkartu ziren. Agin Rezola eta Aitor Mendiluze bertsolariek ere lagundu zuten eguna girotzen. Festak, urtero bezala, auzotarrek eskainitako ikuskizunarekin agurtu zituzten.

Kabilako festak, larunbatean
Larunbatean, Gurutzeta auzoko edo Kabilako festen txanda izango da. 11:30etan hasiko dira eta sagardo probaketa, bazkaria, haur jolasak eta zezen suzkoa antolatu dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!