«Hasiera batean, helburua da maila mantentzea. Gero, denboraldi erdialdean eta bukaera partean ikusiko dugu nola gauden eta aukera baldin badaukagu borrokatu egingo dugu goran egoteko. Iaz bosgarren postuan bukatu genuen eta hori bera lortzea ederra litzateke». Hala azaldu dio Kronikari Ion Zabaleta Emakumezkoen Euskal Ligako taldearen koordinatzaileak. Taldea sendo dago, baina iazko denboraldiarekin konparatuta, aurten aurkari gogorragoak izango dituztela aurreikusten dute: «Bigarren mailatik asko jaitsi dira, adibidez, eta aurten maila haundiagoa egongo da».
Lau fitxaketa berri
Txuri-berdeek bi baja izan dituzte. Jokalari bat Madrilera joan da ikasketak medio eta besteak futbola uztea erabaki du. Eta berriak ere sartu dira taldean: lau. «Lau jokalari berri ekarri ditugu kanpotik, izan ere, Hernanin jubenilen taldea sortu nahi zen eta lehenengo taldera jokalari batzuk igoz gero, ez zen aukerarik izango. Orain, maila guztietan dugu taldea; eskailera guztia osatua dugu».
Jokalari berriak honakoak dira: Ana Macias (atezaina), Maddi Aldasoro (defentsa), Lore Carrasco (aurrelaria) eta Mara Munduate (aurrelaria).
Allerruren aurka,
larunbatean Zubipen
Aurredenboraldia prestatzen aurreko astean hasi ziren eta serio ari dira entrenatzen; astean lau egunetan. Liga hasi bitarte, berriz, lagunarteko 3-4 partidu jokatuko dituzte eta aurrenekoa larunbat honetan izango da. Allerru izango dute aurkari Zubipen. Ordua zehazteko dago, baina ziurrenik Erregional Ohorezko Mailako taldearen ostean jokatuko dute. Mutilek 17:00etan jokatuko dute Baskoniaren aurka.
Emakumezkoen taldeak irailaren 29an hasiko du liga.
2012-2013 denboraldia
TEKNIKOAK
Entrenatzailea: Iban Gil.
Laguntzaileak: Aitor Portillo eta Jesus Aranzade.
Koordinatzailea: Ion Zabaleta.
JOKALARIAK
Atezainak: Alazne Urdangarin, Olatz Santana eta Ana Macias.
Defentsak: Miren Aierbe, Maialen Goikoetxea, Andrea Isasa, Ane Aierbe, Maddi Aldasoro, Ane Ibarburu eta Jone Aldaregia
Erdilariak: Nora Azkue, Kattalin Badiola, Maria Granado, June Muxika, Iraide Pejenaute eta Leire Juanes.
Aurrelariak: Lore Carrasco, Mara Munduate, Uxue Rekondo eta Olaia Jauregi.