Gipuzkoa eta Bizkaiko harizti haundiena, eta sekulako pagadiak daude Añarbeko Basoan, besteak beste. Ur garbi-garbiko errekak, eta baita ia galtzeko zorian dauden espezieak ere: bisoi europarra edo muturluze pirinearra (Ur-arratoya gisan ere ezagutzen da Ereñotzu aldean). Halako aberastasuna izanda, Donostiak eta Errenteriak kanpaina bat martxan jarri dute 1.028 hektarea babestu, eta herritarrei ezagutarazteko.
Hain juxtu, 1.028 hektarea horiek Hernaniko muga-mugan daude, Aiako Harria parke naturalaren barruan, eta Natura 2000 Sarearen barruan ere bai. Hain zuzen ere, Natura 2000 Sarean dago arrazoi bategatik: Europar Batasunak 2004an onartu zuelako Añarbeko Basoa komunitatearentzat garrantzizko tokia zela, biodibertsitatea eta ondare naturala kontserbatzeko. Baina Natura 2000 Sarean egoteaz gain, Kontserbazio Bereziko Eremua izatea ere nahi dute Aiako Harriaren barruan. Horretan lanean ari dira, bai Donostiako eta Errenteriako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundia, eta Eusko Jaurlaritza.
Nora Galparsoro: «Añarbeko Basoa gehiago babesteak onura haundia egingo du uraren kalitateari eusteko»
Añarbeko Basoa aberatsa da begiratzen zaion moduan begiratzen zaiola, eta horixe azpimarratu zuten udaberrian Axier Jakak (Donostiako Ingurumen Zinegotziak), Jose Manuel Ferradas (Errenteriako Ingurumen Zinegotziak), eta Nora Galparsorok (Añarbeko Uren Mankomunitateko presidenteak). Ferradasek hainbat arrazoi aipatzen ditu Añarbeko Basoa babesteko: «Gipuzkoako eta Bizkaiko harizti haundiena dago bertan, baita pagadi baso natural zabalak ere, eta ondo kontserbatuta dauden erreka txiki pila bat ditu. Fauna ere ez du nolanahikoa: okil beltza, akerramendi edo kukulumera, basakatua, orkatza... Horrez gain, Añarbeko Basoan dauden haltzadiek babesa ematen diote galtzeko arriskuan dauden bi espezieei: bisoi europarra eta muturluze pirinearra». Añarbeko basoan dauden beste espezie batzuk: katajineta, erbinudea, azkonarra, kattagorria, muxar grisa, basurdea, okil haundia, hontza, urubia, izoki arrunta...
Galparsorok berriz, uraren kalitateari heldu zion, Añarbeko Basoa gehiago babestu behar dela defendatzeko. «Añarbeko urtegira dijoazen errekak baso horretan jaiotzen dira, eta uraren kalitatea aseguratu nahi badugu, oso lagungarria da baso hori gehiago babestea. Gipuzkoako populazioaren ia erdiari (%45) Añarbetik ematen zaio ura». Añarbeko Basoak halako aberastasuna dauka, baso heldu eta konplexuak dituelako barruan, eta sekulako euri pilak botatzen dituelako.
Axier Jaka: «Azken batean natura zaintzeaz ari gara, eta hori gizarteak egin duen aurrerapenaren barruan sartzen dugu»
Añarbeko Basoa herritarrei ezagutarazi egin nahi zaie, eta proiektuaren zati haundi bat horretara bideratuko da. Hala dio Axier Jakak: «Ekimen honen helburua da gure ondare naturala ezagutaraztea, babestea eta balioan jartzea. Azken batean, natura zaintzeaz eta kontserbatzeaz ari gara, eta hori aurrerapen sozial gisa ulertzen dugu, politika hauen ondorioa gure ondare naturala hobetzea baita».
‘Añarbeko Baso Erreseba: basoak eta urak bat egiten duten tokia’
Proiektuak hainbat atal ditu, eta horien artean bat, oso garrantzitsua, proiektuaren berri ematea. Horretarako 20.000 liburuxka inprimatu dira, zonalde honetan azaltzen diren landare, animalia eta aberastasunak biltzen dituena. 1.500 poster zabaldu dira, mezu honekin: Añarbe Baso Erreserba, basoak eta urak bat egiten duten eremua: arkanbeleek, arrobioek, okilek, orkatzek, eta zu bezalako bisitariek partekatzen dituzten pagadi eta hariztiak. Edango duzun ura iragazi eta biltzen duen basoa. 55 jatetxeetan ur pitxar bereziak zabaldu dituzte, eta banakako paperezko mantelak ere bai, Añarberi buruzko testu eta irudiekin. yy