Festetako lehendabiziko eguna dute gaur Zikuñagan,eta girotzen joateko, hotsak izango dira protagonistak. Hotsak? Bai! Erraldoi eta buruhaundiek maskuriak astinduko dituzte, edo saiatu egingo dira, auzoko neska-mutilen baten bizkarra harrapatzen badute behintzat. Ondoren, danbor soinuak. Zikuñagako festek berezitasunen bat badute, hori urtero antolatzen duten danborrada da. Betiko kantak joko dituzte, eta baita lehengo urtean, Imanol Kamiok beraientzat espreski egindako Gora Zikuñako Ama himnoa ere. Eta hori gutxi balitz, nobedade bat ere badute aurten: danborradak Urumea txarangaren laguntza izango du, emanaldi osoan zehar. Gauerdia iristeko orduerdiren faltan, txaranga doinuek girotuko dute berriz ere Zikuñaga auzoa, ordubete inguruan. Eta eguna bukatzeko, playbacka eta karaokea. Broma gisa eta erabat inprobisatuta, joan den urtean, azken momentuan antolatu zuten estreinakoz. Eta afalostea izaki, asko izan ziren animatu ziren auzotarrak. Bi edo hiru ordu inguruan aritu ziren abesten, eta saltsa eta giro ederra jarri zutela diote antolatzaileek. Arrakasta ikusita, aurten egitarauaren barruan sartzea erabaki dute; gaur izango da, 00:30etatik aurrera.
Barbakoa, biharko
nobedadeetako bat
Festetako bigarren eguna ere ekitaldiz gainezka etorriko da. Hiru nobedade izango dira biharko egunean: arku tiraketa erakustaldia, barbakoa herrikoia eta azken orduko musika festa.
Euskadiko eta Gipuzkoako arku tiraketako txapeldunak auzotarrak izaki, erakustaldia emango dute bihar. Iñigo Machio eta Aimar Machio dira, aita-semeak; eta biek barru-barruan sentitzen duten afizioa erakutsi nahi diete, gerturatzen diren guztiei.
Afari herrikoia izaten da larunbateko izarretako bat; formatua aldatu, eta barbakoa egitea erabaki dute aurten: kostilla, txorixoa, pantzeta... denetatik izango da aukeran.
Eta sabala ondo beteta, irrintzi onena botatzera animatuko dira auzotar eta herritar asko. Iazko txapelduna aurten ere aurkeztekoa dela jakinarazi diote Kronikari antolatzaileek. Izango al du areriorik? Irrintzi hoberik? Auzotarrak eta herritarrak animatu nahi dituzte parte hartzera.
Eta eguna bukatzeko musika izango dute lagun. Aurten, ordea, ez da talderik izango. Txalaparta Party Apartako kideak eta Barru Dj hernaniarra arduratuko dira ordu txikiak girotzeaz.
Eta nobedadeak alde batera utzita, egunak emango du beste gauza askotarako. Umeentzako jolasekin hasiko dute goiza. Eguerdian, patata tortilla onena aukeratuko dute; eta honi laguntzeko, sagardo dastaketa ere antolatu dute. Arratsaldea freskotik hasiko dute bihar, uraren gerrarekin. Helduen futbito txapelketa iluntzean jokatuko da; eta ondoren, triki-poteoa antolatu dute, gauerako giroa animatzen hasteko.
Zikuñagako Amaren
omenezko meza,
auzoan bertan
Igandea tokatu da Zikuñagako Amaren eguna aurten, eta urteroko legez, meza izango da bere omenez. Ez da ordea, Hernaniko parrokian izango. Auzotarrek eta Hernaniko parrokoak hala adostuta, Zikuñagan bertan izango da aurten, Amabirjinaren omenezko meza; 10:00etan izango da, kirolgunean.
Festak 10:30etan izango du segida, urtetik urtera arrakasta gehiago duen marrazki lehiaketarekin. Ez da txikienentzat espreski antolatutako ekitaldi bakarra izango, igandea izango baita egun nagusia, umeentzat: jokoak, puzgarriak... antolatu dituzte. Pelotako finalak ere igandean jokatuko dira. Eta baita futbito txapelketa ere; Zikuñagako gaztetxoek CD Hernaniko infantilen kontra neurtuko dituzte indarrak. Azkenik, eguna bukatzeko, eta indarrak berreskuratzeko, merendola eta txokolatada antolatu dituzte.
Helduen kasuan, bote, igel eta toka txapelketak jarriko du festarako aukera, etzi arratsaldean. Azken traka eta jaien amaierako agurrarekin bukatuko dira aurten, Zikuñagako festak.
GAUR, ostirala
18:00, Erraldoi eta buruhaundiak
20:00, Danborrada
23:30, Urumea txaranga
00:30, Play backa eta karaokea
BIHAR, larunbata
10:30, Haurrentzako jokoak
12:00, Tortilla lehiaketa
12:30, Sagardo dastaketa
15:00, Urarekin gerra
17:00, Arku tiraketaren erakustaldia
19:00, Helduen futbito txapelketa
20:00, Triki poteoa
20:30, Barbakoa herrikoia
23:30, Irrintzi lehiaketa
00:00, Txalaparta party aparta eta DJ Barru
ETZI, igandea Amabirjinaren eguna
10:00, Zikuñako Amaren omenezko meza (Kirolgunean)
10:30-12:30, Haurrentzako marrazki lehiaketa
11:00, Haurrentzako bote, igel eta toka txapelketa
11:30-13:30, Puzgarriak
13:00, Haurrentzako esku pelotako finalak
15:00, Apar festa
16:00-18:00, Puzgarriak
17:00, Bote, igel eta toka txapelketa
18:30, Umeen futbito txapelketa
19:30, Merienda eta txokolatada
21:30, Azken traka eta jaien amaiera.