Mendiriz mendi UDA atzean utzi eta irailerako proposamen berriarekin dator Mendiriz Mendi elkartea. Pic de ger tontorrera irteera antolatu dute irailaren 14-15eko asteburuan. Zailtasun berezirik gabeko irteera izango da, baina egin nahi dutenek kontuan izan beharko dute 4 orduko igoera izango dela. Guztira 6-7 ordu egingo dituzte mendian, 12 kilometro inguru, 2.613 metroko tontorra igotzeko.
Kareharrizko mendiak
Gourette-Eaux Bonnes-eko kareharrizko mendiguneak hiru ezaugarri nagusi ditu. Lehena, bertan daudela Ossau eta Azun bailaretako gailurrik garaienak. Guztien artean deigarriena guk igoko duguna da, Pic de Ger. Nahiz eta mendiguneko gailurrik garaiena ez izan, erraz ikusi liteke, aurre-aurrean baitago kokatuta, Laruns herriak osatzen duen bailaratik eta Col d´Aubisque mendatetik bista-bistan geratzen da. Tontorrak duen ezaugarri deigarriena, bere ipar isurian dituen kareharrizko horma erraldoiak dira; mendia erraz identifikatu liteke, beraz. Izenari erreparatuta, Gasconeraz Ger hitzak belardia esan nahi du eta hori inguru hauetan artzaintzak izan duen garrantziagatik da.
Mendigunearen bigarren ezaugarri nagusia Eaux Bonnes herriko bainuetxeak dira. Antzinatik ezagunak dira bertako ur sulfurodunak. Bereziki ezagunak XVIgarren mendean egin ziren, François I erregea Pavia-ko (1525) batailan izandako zauriak sendatzera hurbildu zenean. Ondoren hainbat mediku hasi ziren bere uren ezaugarriak goraipatzen; eta horren ondorioz, nobleziako eta monarkia desberdinetako hainbat pertsonaia ere bai, horien artean Eugenia enperatriza. Bainuetxearen aro oparoena XIXgarren mendearen hasiera izan zen. Bertako garaikoak dira, 1830 urtekoak, gaur egun herrian dauden eraikin ospetsuenak: udaletxea eta eliza.
Azken ezaugarri nagusia Gouretteko eski-estazioa da. Askok ez dute jakingo, baina hau da Pirineotan irekitako aurreneko eski estazioa. Frantziako Klub Alpinoak bultzatuta, 1908garren urtean bertan egin zen aurrenekoz, Pirineotako lehenengo nazioarteko eski lehiaketa. Lehiaketak 1914garren urteraino jarraitu zuen, eta urte horretan bertan ireki zen eski estazioa. Bertako lehen hotelak 1930garren hamarkadakoak dira eta lehen tele eskia 1935koa. Gaur egungo instalazioek inguruneari bere xarma eta edertasuna kentzen diote.
Azkenik, eta datu gisa, Pic de Ger mendira ezagutzen den lehen igoera Vincent de Chausenquek egin zuen, 1825garren urtean.
7 orduko ibilbidea,
12 kilometroko distantzia
Bidea Gourette eski estazioko plazatik hasten da. Aurrez aurre Pene Medaa eta Pic de Ger ditugu. Igoera hasteko aukera desberdinak daude. Neguan pista berdea den bidea aukeratuz gero, igoera luzeagoa izango da, baina baita apalagoa ere, behintzat hasieran. Aldiz, pista urdin edo gorriren bat aukeratuz gero, hasiera zailagoa izango da.
Lehenengo zatia igota, Bezou (1.603 m) izeneko atseden lekura iritsiko gara. Eski-pistatik jarraitu eta, Pene Medaa beti ezkerrean dugula, Plaa Segoune izeneko zirkura (2.198 m) igo behar da. Zelaiez eta ibai txikiz osatutako zirku hori hiru mendik osatzen dute: Rognon de Ger (2.571 m), Pic d´Amoulat (2.594 m) eta Pene Blanque (2.531 m) Aurrez aurre dugun gailurra Pic d´Amoulat da. Bere ezkerrean dagoena Pene Blanque eta eskuinekoa aldiz Rognon de Ger.
Hemendik aurrera bidea ondo adierazita dago, marka horiz. Eski-estazioko pistak atzean utzi eta zirkura jaitsiko gara. Laquests d´Amoulat izeneko bi ibaitxoak inguratuta, bideak eskuinera egiten du. Aldapa gogor batetik, Pic d´Amoulat eta Rognon de Ger gailurren artean kokatuta dagoen Plaa Segouneko lepora igo behar da (2.445 m). Bertatik, gure eskuinean, Pic de Ger mendiaren gailurra ikus daiteke. Eskuinera egin eta, Rognon de Ger gailurra inguratu ondoren, lepotxo batera igo behar da. Hemendik gailurrera malda gogor bat igotzea geratzen da soilik. Malda motza eta gogorra izango da azkeneko hau, eta batzuetan eskuak erabili behar dira, baina ez du zailtasun berezirik.
Gailurretik paisaia ikusgarria da. Mendebaldera Sesques eta atzerago Hiru Erregeen Mahaia; hego aldera Amoulat eta bere eskuinean, atzean, Midi d´Ossau; ekialdera Palas eta Balaitus.
NOLA IRITSI:
Hernanitik Baionara hurbildu. Bertan A64 autopista hartu eta Pau baino kilometro batzuk lehenago irten (9. irteera; Artix/Lacq/ Mourenx). Errepide nazionaletik, Zaragozako norabidea jarraituz, Pau hiriburua inguratu eta Gan herrira doan N134 errepideari jarraitu. Bertan D934 errepidea hartu eta Laruns herrira hurbildu behar da. Hortik Gouretteko eski-estaziora igotzea soilik geratzen da. Bertan dauden hainbat aparkalekuetan utzi daiteke ibilgailua.
Datu interesgarriak
- Distantzia: 12 Km.
- Denbora: 6-7 ordu.
- Desnibela 1.300 m gorantz eta gauza bera beherantz.
- Gailurrik altuena: Pic de Ger (2.613 m).
- Zailtasuna: Zailtasuna berezirik gabekoa. Hala ere, lau orduko igoera izango dela kontuan hartu.
- Beharrezko materiala: mendiko materia arrunta.
- Mendiriz Mendik irailaren 14-15ean egingo du irteera hau.