EGITARAUA antolatzeko orduan umeak kontuan izaten dituztela nabari da Portuko San Joan Txiki jaietan. Aurten ere beraientzat bereziki prestatutako ekintza pila izango dituzte, batez ere, aurreneko bi egunetan.
Marrazki lehiaketarekin
hasi eta jokoekin bukatu
Marrazki eta pintura lehiaketarekin aurre hartuko diete festetako hasiera ofizialari, auzoko txikienek. Margoekin duten trebezia erakusteko aukera izango dute gaur, goizeko 10:00etan. Eta hori festetako aurreneko ekitaldia besterik ez da izango. Segidan, 11:00etatik 13:30etara haurren parkina zabalduko dute. Bertan, aukera zabala dute: puzgarrietan gora eta behera ibili; ohe elastikoetan zeinek salto edo txiribuelta altuena egin; parke txikian lagunekin jolastu edota ollari ondo helduta, ez erortzeko saiakera egin.
Festak ofizialki hasi eta gero ere, segida izango dute umeei zuzendutako ekitaldiek. Goizean egindako marrazkiak ikusgai jarriko dituzte 13:00etan. Arratsaldean, jolas parkina zabalduko dute berriz ere. Eta tartean, 17:00etan, haur jokoak antolatu dituzte: zaku karrerak, lokotxak biltzea, aulki jokoa, ura eta irinaren jokoa, eta beste hainbat...
Haur jokoak
eta pailazoak, bihar
Haur jokoekin hasiko da festa eguna bihar, txikienentzat. Aurreko egunean entrenatu zutenek abantaila txikiren bat izango dute gaur zaku karreretan, lokotxak biltzen, aulki jokoan edota ura eta irinaren jokoan.
Arratsaldean ere beraiei zuzendutako beste bi ekitaldi izango dituzte. Aurrenekoa bizikleta gainean egin beharrekoa: Zinta Lasterketa. Bizikleta hartu, eta makiltxo batekin zinta gehien zeinek hartu ibiliko dira txiki eta gaztetxoak; opariak, urtero bezala, izugarriak izango dira. Ondoren, Patxin eta Potxin pailazoek jarriko dute ikuskizuna. 19:00etan hasiko da beraien emanaldia, eta gerturatzen direnek seguru dute, arrakasta.