Portuko jaiak ekitaldiz lepo, aurten ere: musika, jokoak, herri kirolak...

Kronika - Erredakzioa 2013ko abu. 23a, 02:00

Bi nobedade dituzte aurten, Portuko jaiek: Kalez Kale Kantariko kideen emanaldia eta Paolla eta Azkonobie­taren zaldien arteko dema. Musika ez da faltako, ez egunez, ez gauez. Eta txikienek ere izango dute zerekin disfrutatu. Sagardo lehiaketak eta asto lasterketak erakarriko dute aurten ere, jendetza.

hiru egunez San Joan Txiki jaiek alaituko dituzte Portuko kaleak eta bizilagunak, eta gerturatzea erabakitzen duten herritar guztiak. Eguerdiko 12:00­etan hasiko dira festak gaur eta igande gauera arte luzatuko dira. Bi no­bedaderekin datoz aurten, San Joan Txiki jaiak: batetik, Kalez Kale Kantariko kideen emanaldia; eta bestetik zaldi dema Paolla eta Azkonobietaren zaldien artean. Bi ekitaldi be­rriek ukitu berezia eman­go diete festei, baina urteroko ekin­tzarik ere, ez da faltako: asto lasterketa, sagardo dastaketa...


Musikarekin lotura duten festak
Egunez eta gauez, edozein momentutan du musikak tartea, Portuko festetan. Gaur azken orduan izango da kontzertua, Hernaniko hiru talderen eskutik: Dirty Eyes, BH Roja eta Desper­vicio. Kalez Kale Kantariko kideen emanaldia izango da, bihar, nobedadeetako bat. Euskal abesti tradizionalak kantatu ohi ditu herritar talde honek, izenak berak dioen moduan, kalez kale. Kasu honetan Portuko plazan abestuko dute, eta nahi duten guztiek izango dute, beraiekin batera kantatzeko aukera. Berezia izango da biharko emanaldia, eta ez Portun estreinekoz abestuko du­telako, emanaldia gauez izango delako baizik. Emanaldia bukatuta, euskal kantuek segida izango dute larunbatean. Jarraian, beste talde hernaniar baten emanaldia izango da: Laiotzena. Moda modan dauden abestiak kanta­tzen dituzte; baina baita lehengoak ere, denen oroimenean geratu ziren haiek. Festa giroa nahi duenak beraz, badu aukera, San Joan Txiki jaietan. Txistularien dianak es­natuko ditu goiztiarrenak igandean, Portun. 09:30­etan hasiko dira ekitaldiz betetako eguna gi­rotzen. Eguerdian, 12:00­etan, Ber­tso Eskolako ber­tsolariekin tarte atsegina pasatzeko aukera izango da. Eta musikak, iluntzean izango du jarraipena. Dantzaldia antolatu dute Laket talde­a­rekin; 19:30ak aldera ha­siko dira, eta gauerdira arte luzatu, festak bukatu arte, alegia.


Lehiaketa eta txapelketak, egunero
Portuko bizilagunek ez dute lehiaketarik behar, balkoiak apain-apain izateko. Udaberria iritsi be­zain pronto hasten da au­zoa kolore eta usain atseginez betetzen. San Joan Txiki festetan bizilagunen afizio hori saritu nahi dute, eta urtero, lorontzi polittenari ematen diote saria. Auzotarrek 18:00etatik aurrera aterako dituzte lorontzi ederrenak kalera, eta epaileek ez dute lan erraza izango, irabazlea aukeratzen. Eta lorontzi lehiaketa ez da San Joan Txiki jaietarako antolatu duten bakarra. Bihar bertan, punteria one­­na dutenen arteko lehiaz gozatzeko aukera izan­go da, Tiro Karabina txapelketarekin; eguerdiko 13:00ak inguruan hasiko da. Arra­tsaldean berriz, muslariek dute zita, 16:00­etan, Shan­­gay tabernan. Azkenik, Toka eta Bote Txa­pelketa igandean jokatuko da. 39ga­rren edizioa izango da aurtengoa, eta ur­te­roko zitan elkartuko dira auzoko eta herriko zaleak.


Sardin jatea eta Sagardo dastaketa, denen gozamenerako
Janak eta edanak beti du harrera ona euskaldunen artean eta horren adibide da, urtetik urtera, Portura gerturatzen den jendetza. Bi ekitaldik markatzen dute diferentzia: Batetik, gaur 20:30etan antolatu duten sardin jate herrikoiak; 23garren edizioa izango da aurtengoa. Eta bestetik, igandeko Sagardo dastaketa eta lehiaketak. Al­tzueta, Oialume-Zar, Olai­­zola, Eula, Akarregi, Al­berro, Elorrabi, Ipa­rra­girre, Artola, Itxasburu, Otsua-Enea eta Rufino sa­gar­dotegiek hartuko dute par­te eta saria, zapore, kolore, usain... onena duenak era­man­go du, aurten ere. Eta sabel kontuekin jarraituta, larunbatean goiz-goiz esnatzen direnek baratxuri zopa har­tzeko aukera izango dute; eta oraindik lotara joan ez direnentzat ere, ez da plan txarra izango.


Kirolak ere badu tartea: pelota partidua eta zaldi dema, aurtengo eskaintza
Kirolak ere urtero izan ohi du tartea Portuko festetan. Aurten bi ekitaldi antolatu dituzte, biak igandean. Eguerdiko 12:00­­etan, indarrak neurtuko dituzte Paul Ojuelek eta Eñaut Esnao­lak, auzoko pelotaleku txiki bezain berezian. Arratsal­dean berriz, aurtengo beste nobedadeak jarriko du saltsa: Zaldi Demak. Tra­dizoa edo ohitura ari da bihurtzen zaldi dema, eta Imanol Paollak eta Az­ko­nobietak plaza berria izango dute aurten, deman aritzeko: Portu. 19:00etan ha­siko da ikuskizuna, 800 kiloko harriarekin.

Zazpi astoren gainean auzoari buelta, 62garren urtez
Asko dira Portuko San Joan txiki jaiak berezi eta ezberdin egiten dituzten ekitaldiak; baina guztietatik batekin geratu be­har izanez gero, Asto Ka­rrera izango litzateke aukera hori. 1951garren urtean egin zen aurreneko aldiz, eta ordutik, espektakuluak eta ikusminak bizirik jarraitzen du, urtetik urtera. Jendez gainezka izaten dira kale bazterrak, zazpi astoen buelta ikusteko. Auzo­tarrak igotzen dira asto gainera, asko mozorrotuta, eta helburua, auzoari buelta ahalik eta azkarren ematea, beti ere, astoaren gainean!

ABUZTUAK 23, GAUR
10:00, Marrazki eta pintura lehiaketa.
11:00-13:30, Haurren parkinga: puzgarriak, ohe elastikoak, parke txikia eta olla.
12:00, Jaien hasiera suziriaren jaurtiketarekin. Aldi berean, buruhaundi eta txistularien irteera auzoko txoko guztietan alaitasuna zabalduz.
13:00, Auzoko gazteek egindako marrazkien erakusketa
16:00-19:00, Haurren parkinga
17:00, Haur jolasak: zaku karrerak, aulki jokoa, lokotxak, ura eta irinaren jokoa, etab.
18:00, Lorontzi lehiaketa
20:30, XXIII. Sardin jate herrikoia.
23:00, Kontzertu ikaragarria: Dirty Eyes, BH Roja eta Despervicio.

ABUZTUAK 24, BIHAR
08:00, Egunsentia, suzirien jaurtiketarekin.
08:30, Baratxuri zopa goiztiarrentzat
11:30, Haur jokoak: zaku karrerak, alki jokoa, lokotxak, ura eta irinaren jokoa, etab.
13:00, Zinta lasterketa izugarrizko opariekin
Jarraian, Tiro karabina txapelketa 
16:00, Mus txapelketa Shangai tabernan
Ordu berean, Esku lanak
18:00, LXII. Asto lasterketa.
19:00, Patxin eta Potxin pailazoen ikuskizuna   
Jarraian, Denak afaltzera, gauerako indarrak hartzeko
00:00, Kalez kale kantarikoekin Euskal Kantaldi herrikoia
Ondoren, Dantzaldia Laiotzekin 

ABUZTUAK 25, IGANDEA
08:00, Egunsentia, suzirien jaurtiketarekin.
09:30, Diana txistulariekin.
11:00, Pelota partidu interesgarria: Paul Ojuel Eñaut Esnaolaren kontra.
12:00, Meza auzoko hildakoen alde.
12:00, Hernaniko Bertso Eskolako bertsolarien saioa.
12:30, Sagardo lehiaketa. Itxaso, Maialen eta Uxue trikitilariek alaituta. Sagardotegi partehartzaileak: Altzueta, Oialume-Zar, Olaizola, Eula, Akarregi, Alberro, Elorrabi, Iparragirre, Artola, Itxasburu, Otsua-Enea eta Rufino.
13:00, XXXIX. Toka eta Bote txapelketa.
14:30, Bazkaria.
18:00, Ainara dantza eskola eta Dilshad Dantza Taldearen eskutik Batuka, Funky eta Dan­za del vientre erakustaldia.
19:00, Zaldi dema Hernaniko Imanol Paollaren zaldia, eta Urnietako Azkonobieta baserriko zaldiaren kontra, 800kiloko harriarekin.
Jarraian, Laket taldearen dantzaldia.
00:00, Jaien amaiera Laket taldearekin. Zezen suzkoa.
Azken traka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!