Azken urteetako tendentziari jarraituta, uda garaia iristearekin batera behera egin zuen langabeziak ekainean, Hernanin. Joerak ordea, ez du segida izan uztailean. Apirilean eta maiatzean gertatu bezala, uztailean ere gora egin zuen langabetu kopuruak Hernanin. Kontratuei erreparatuz gero, uda garaia dela kontuan izanda, zerbitzuen sektorean egin dira gehienak. Eta joan den urteko datuekin alderatuz gero, notiziak ere ez dira onak. Lehengo urteko uztailean baino langabetu gehiago dago 2013an Hernanin: joan den urtean 1.304 ziren eta aurten 1.446.
Ekainean, behera
Aste Santuko oporraldia zela eta, langabeziak behera egin zuen aurreneko hiruhilekoan, Hernanin. Tendentzia aldatu egin zen ordea, hurrengo bi hilabeteetan. Apirilean 1.455 pertsona zeuden lanik gabe, aurreko hilabetean baino 15 gehiago; eta maiatzean gorako joerak jarraitu zuen, 18 langabetu gehiagorekin.
Aldaketa ikusteko ekainera arte itxaron behar da. Ekainean nabarmen egin zuen behera langabeziak, 40 langabetu gutxiagorekin. Baino joera horrek ez zuen asko iraun. Uztailean berriz, gora egin baitzuen langabeziak; 13 herritar gehiagok eman zuten izena, Lanbiden.
25-44 urteko emakumeak, kaltetuenak
Azken hilabeteetan bezala, uztailean ere, 25-44 urte bitarteko gizon-emakumezkoak izan dira kaltetuenak. Eta sexua kontuan izanda, ez dago alde askorik emakume eta gizonen artean: gehienak emakumeak dira, 352 guztira; gizonezkoak bat gutxiago, 351dira. Hauen atzetik 45 urte baino gehiago dituzten herritarrek sufritzen dute gehien, lan falta. Adin tarte honetan ere emakume gehiago dago langabezian, 329; gizonezkoak 318 dira.
Zerbitzuen sektorean jaitsi eta industrian, nekazaritzan eta eraikuntzan igo
Kontutan hartzen dena lan sektoreak badira, langabeziak industrian egin du min gehien, uztailean. Hiruhileko hasieran, apirilean, 235 langabetu zeuden industrian eta uztailean 243 izan dira. Lehen esandakoarekin bat eginda, zerbitzuen sektorea da behera egin duen bakarra; apirilean 930 herritar zeuden lanik gabe eta uztailean 898. Beste bi sektoreetan gora egin du langabeziak, baina eskala txikiagoan: nekazaritzan apirilean baino langabetu bat gehiago dago, 21 guztira; eta eraikuntzan hiru gehiago, 179 guztira.
540 lan kontratu berri
uztailean, hernaniarrei
Uztailean, guztira, 540 hernaniarrek bilatu dute lana. Kontratu motari erreparatuz gero, alde haundiarekin gehienak aldi baterakoak izan dira, 502 hain zuzen ere. Gizonezko gehiagok bilatu dute lana uztailean, 337k; emakumezkoak 203 izan dira. Kontratuak sektoreka aztertuz gero, gehienak zerbitzuetan egin dira, 369. Oso atzetik, industrian, 141 kontratu berri egin dira; eraikuntzan 28 eta nekazaritzan 2.
Gipuzkoan, langabeziak behera
Udako kontratuen eraginez, joera ezberdina izan da Gipuzkoan. Uztailean 789 pertsona gutxiago zeuden lanik gabe eta kasu honetan ere, kontratu gehien zerbitzuen sektorean egin ziren. Beraz, langabezia 1,63 jaitsi da Gipuzkoan; guztira 47.714 pertsona daude Lanbiden izena emanda. Iazko datuekin alderatuz gero, egoera ez da hain ona. Joan den urtean 44.110 langabetu zeuden Gipuzkoan, aurten baino 3.604 gutxiago.