Elkano eta Aristizabal kaleak asfaltatzeko lanekin hasi ziren atzo goizean eta ondorioz, Udalak hainbat aldaketa egin ditu trafikoan, lanek iraungo duten egunetan.
Euria egin bazuen ere, normaltasun osoz jarri ziren martxan. Elkano kalearekin hasi dira, kiroldegi parean eta datozen egunetan jarraituko dute Aristizabal kalearekin. Lanak direla eta, bi kale horiek itxita egongo dira, eta ondorioz, Udalak hainbat trafiko aldaketa egin ditu, erdigunean. Aldaketa horien artean, kontuan hartu beharrekoak dira Txirrita eta Elkano kaleko goiko zatiak norabide bikoitza dutela eta kale horietan ezingo dela aparkatu... eta zenbait garaje ere, ezingo direla erabili. Autobus geltoki batzuk ere aldatu dituzte lekuz (aldaketa guztiak ikusteko www.kronika.net).
Udaltzaingoak Kronikari adierazi dionez, herritarrak ondo egokitu dira aldaketetara, eta trafikoan normaltasuna mantendu da: «urte garai honetan ez dago trafiko askorik eta horrek ere lagundu du. Beti dago despistaturen bat, baina orokorrean herritarrak ondo moldatu dira aldaketetara».
Aldaketa nagusiak
- Latsunbe-elkano bidegurutzetik, latsunbe-latsunbeberriko bidegurutzera, bi norabideko kalea bihurtuko da, gaur egun autobusek eta taxiek soilik dute aukera.
- Latsunbe-elkano bidegurutzean, karmelo labakatik eta latsunbetik datorren trafiko guztia, zinkoeneara bideratuko da. herrigunera sartzeko txirrita kalea erabiliko da, lanak irauten duten bitartean bi zentzukoa izango baita.
- Txirrita kale osoak eta elkano kaleak (urumea ikastolatik atsegindegira) norabide bikoitza izango dute.
- Txirrita kale osoan eta elkano kalean (urumea ikastolatik atsegindegira) ezingo da aparkatu egun hauetan. urbieta kalea itxita egongo da elkanoko bidegurutzetik aristizabaleko bidegurutzera (autobusen geltokiak dauden zatia). anbulatoriotik marieluts alderako zatian norabide bikoitza mantenduko du.
- Anbulatorioaren atzealdeko karobietako bidea isolatuta geratuko da. bertako bizilagunek ez dute euren etxeetara sarbiderik izango ibilgailuz.
- Garajeak: elkano kaletik (latsunbe eta atsegindegi artean) eta aristizabal kaletik sarrera duten garajeak, ezingo dira erabili. atsegindegikoak erabili ahal izango dira, lan hauen ondorioz sortu daitezkeen aldaketei arreta jarriz, betiere.
- Izpizua kalean urumea ikastolako bidegurutzean, bi aukera izango dituzte ibilgailuek, gaur egun bezala elkanon behera egitea (eskubirantz) edo elkanon gora egitea (ezkerrerantz), udaletxerantz. debekatuta egongo da txantxilla alderantz egitea (gorantz).
- Larramendi kaleak gaur egungo bi norabideak mantenduko ditu. larramendi eta elkano bidegurutzean, ordea, larramenditik datozenek, ezingo dute urumea ikastolarantz hartu (ezkerrerantz). hondakinak: atez ateko zerbitzua normaltasunez egingo da leku guztietan.