gaur iluntzean jakingo da Banakako Txapelketa haundiko finalerdiak jokatuko dituen erremontistaren izena. San Miguel eta Endikak neurtuko dituzte indarrak, Kutxa Sariaren barruan, eta onenak lortuko du finalerdietarako aurreneko pasea.
San Miguelek dena alde
Bi erremontistek dute aukera, baina San Miguelek aldeko du dena. Irabazten badu B taldeko liderra izango da. Galtzen badu berriz, lau tantu besterik ez ditu behar, finalerdietara pasatzeko.
Endikari berriz, maldan gora jarri zaio pasea, Juaristiren kontra 30-28 galdu eta gero. Irabazi beharra du, pasea lortu nahi badu; garaipena lortuta berak egingo luke aurrera eta Juaristi finalerdietatik kanpo geratuko litzateke.
Matematikak alde batera utzi eta erremontisten jokoari erreparatuz gero, San Miguel da partidua irabazteko faborito garbia. Juaristi 15ean utzi zuen eta joku aldetik, erakustaldia eman zuen; eta sakean, zer esanik ez! Endikak bere biziko partidua jokatu beharko du, irabazi nahi badu.
Barrenetxea IVa, jaialdiko
hirugarren partiduan
Ohi bezala, Galarretan jokatuko den jaialdiak lau partidu izango ditu: txapelketakoa eta beste hiru. 16:00etan hasiko da jaialdia, eta hirugarren partiduan, Endika Barrenetxea hernaniarrak jokatuko du; Urriza izango du lagun, eta aurrean Ezkurra eta Etxeberria IIIa.
Jokatuko diren beste bi partiduak, hauek: Ezkurra IIak eta Aizpuru IIIak, Segurola eta Labakaren kontra neurtuko dituzte indarrak: eta Juananea eta Saldiasek, Matxin VI eta Zubiriren aurka.